Eusko Jaurlaritzak Gasteizen izandako istiluak gaitzetsi ditu: "Bizikidetza urratzen duten gertaera oso larriak dira"
Gasteizko alkate Maider Etxebarriak, PPko legebiltzarkide Ainhoa Domaicak eta SiPE, Euspel eta ESAN sindikatuek ere gogor gaitzetsi dute arabar hiriburuan jazotakoa. Guztira, 19 pertsona atxilotu dituzte, eta 19 ertzain zauritu dira istiluetan.
Segurtasun sailburuorde Ricardo Ituartek Gasteizen gaur goizean izandako istiluak gaitzetsi ditu. Guztira, 19 pertsona atxilotu dituzte eta 20 ertzain arin zauritu dira. Kalte materialak ere handiak izan dira.
Eguerdian jazo dira istiluak, Probintzia plazan, Espainiako Falangeak "batasunaren alde" deitutako elkarretaratzea hasi eta berehala. Denbora gutxian, Arabako hiriburuko erdiguneko hainbat kaletara zabaldu dira, edukiontziak erre baitituzte horietan.
Ituartek gogor gaitzetsi du gertatutakoa: "Gertakari oso larriak dira, bizikidetzaren aurka doaz, eta gure gizartean ez dute lekurik. Zoritxarrez, faxista talde batek deitutako elkarretaratzeak euskal faxisten erantzuna jaso du. Beste behin ere, herritarren ordena eta segurtasuna zaintzen ari ziren ertzainei zuzenean eraso diete. Ez dugu onartuko iraganeko garaietara garamatzan gertaerarik".
Segurtasun sailburuordeak, halaber, honako hau nabarmendu du: "Gure elkartasuna agertu nahi diegu zauritutako ertzainei, bai eta erradikal horiek eragindako istiluek modu batera edo bestera kaltetu dituzten pertsona guztiei ere".
Gasteizko alkatearen gaitzespena
Gasteizko alkate Maider Etxebarriak ere gaitzespen hitzak zabaldu ditu sarean. X. sare sozialaren bitartez, ziurtatu du "diskurtso erradikalek sortzen dutenaren froga bat gehiago" dela gaurkoa.
Bestalde, babesa agertu die liskarretan zauritu diren guztiei eta kalteak jasan dituzten pertsonei.
Segurtasun sailburuorde Ricardo Ituartek Gasteizen gaur goizean izandako istiluak gaitzetsi ditu. Guztira, 19 pertsona atxilotu dituzte eta 20 ertzain arin zauritu dira. Kalte materialak ere handiak izan dira.
PPk ere istiluak gaitzetsi ditu
Euskadiko PPko legebiltzarkide Ainhoa Domaicak salatu du Eusko Jaurlaritzak "bakarrik eta babesik gabe" utzi dituela operatiboan jardun duten ertzainak.
Sindikatuen erreakzioak
SIPE sindikatuak dimisioak eskatu ditu, "Ertzaintzak antolakuntza hondamendi berri bat" bizi izan dula iritzita.
Euspelek "erabateko eta baldintzarik gabeko babesa" adierazi die zauritutako hogei ertzainei, eta plantillak indartzea eskatu du, gutxienez 9.000 ertzain izan arte.
ESAN sindikatua bat etorri da horretan: "Gaurko istiluek agerian uzten dute Ertzaintzak ez duela behar adina langile egoera arriskutsuei berme osoz aurre egiteko".
Zure interesekoa izan daiteke