Arana zentroak 200 plaza izango ditu gehienez, eta gasteiztarrekin partekatuko ditu instalazioak
Maider Etxebarria Gasteizko alkateak iragarri duenez, Ministerioak Udalak proposatutako hainbat hobekuntza-neurri onartu ditu, eta, horri esker, "Arana zentroa hiriaren errealitatera eta beharretara egokitu ahal izango da, eta, aldi berean, errefuxiatuei arreta hobea ematen zaiela bermatuko da". Erabakia ez dute ondo hartu ez Sumarrek ez EH Bilduk. EAJk, bere aldetik, bereari eutsi dio, eta zentroaren eredua bera dela eta ez zaiola gustatzen berretsi du.
Gasteizen errefuxiatuak hartuko dituen Aranako zentroak 200 plaza izango ditu gehienez, eta gasteiztarrekin partekatuko ditu zenbait instalazio.
Hala jakinarazi du Maider Etxebarria Gasteizko alkateak ostiral honetan. Bertan iragarri duenez, Elma Saizek zuzentzen duen Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak onartu egin ditu alkateak irailean Madrilen egindako bileran proposatutako hobekuntza-neurriak.
Etxebarriaren iritzian, "oso garrantzitsua" da Ministerioak emandako pausoa, eta hori "elkarrizketaren eta erakundeen arteko lankidetzaren emaitza" izan dela azpimarratu du; izan ere, alkatearen arabera, neurri horiekin "Arana zentroa hiriaren errealitatera eta beharretara egokitu ahal izango da, eta, aldi berean, errefuxiatuei arreta hobea ematen zaiela bermatuko da".
Hala, Etxebarriaren esanetan, Ministerioak onartu egin du "zentroa pixkanaka" hedatzen joatea, erabiltzaileak modu mailakatuan sartuz, eta gehienez ere 200 plaza izatea, hasieran 350 plaza aurreikusi ziren arren. "Horrela, zentroa hobeto egokituko da erabiltzaileek beharko dituzten zerbitzu publiko eta udal-zerbitzuetara, hala nola gizarte-zerbitzuak, osasun-zerbitzuak edo hezkuntza-zerbitzuak".
Gainera, alkateak ministroarekin egindako bileran eskatu bezala, onartu egin dute zentroko zenbait instalazio gasteiztarrek ere erabili ahal izatea, ez bakarrik kirol-instalazioak (aurreikusita zegoen gisan), baita beste espazio batzuk ere, eta gasteiztarrek eta zentroko bizilagunek jarduerak partekatu ahal izango dituzte bertan. "Horrek bizikidetza, topaketa eta errefuxiatuen eta gasteiztarren arteko integrazioa erraztu eta hobetuko ditu", alkatearen arabera.
Era berean, Ministerioak konpromisoa hartu du zentroari modu batera edo bestera eragiten dioten gai guztiak erakunde eskudunekin koordinatzeko; hau da, Arabako Foru Aldundiarekin, Gasteizko Udalarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin.
Etxebarriak azaldu duenez, zentroan familia-nukleoak (familiak) biltzeko interesa dago. Hala jakinarazi zion Saizi, eta alkatearen esanetan, "ahal den heinean" irizpide hori kontuan hartzeko borondatea berretsi dio Ministerioak.
Etxebarriak eskerrak eman dizkio Ministerioari bere "konpromisoagatik", baita Gasteizko beharrekin erakutsitako "sentsibilitateagatik" ere.
Alde bakarretik hartutako erabakia
Espainiako Gobernuak alde bakarretik hartutako erabakia ez dute ondo hartu Sumarrek eta EH Bilduk, eta Arabako alkateak PSE-EErekin eta Sumarrekin batera Eusko Legebiltzarrean bideratutako zuzenketaren "edukia eta mamia ulertu ez izana" deitoratu du koalizio subiranistak.
Rocio Vitero EH Bilduren bozeramaileak adierazi duenez, "gaia ez da alkateak Ministerioarekin Madrilen adosten duena, baizik eta elkarrizketa instituzional eta sozial bat irekitzea, Migraziorako Euskal Itun Sozialean eta harrerarako euskal ereduan txertatuko den proiektu bat adosteko gai izango dena.
EAJk, bere aldetik, bereari eutsi dio, eta zentroaren eredua bera ez zaiola gustatzen berretsi du. "Hasiera-hasieratik kontra agertu ginen, eta geldiarazteko eskatzen jarraitu genuen. Ez 350 plazarekin, ez 200ekin. Gaur iragarritako birdimentsionamendua Espainiako Gobernuaren inposaketa berri bat da", esan du Jone Berriozabal Araba Buru Batzarreko presidenteak.
ABBk EAEko harrera-ereduari erantzuten dioten zentroen aldeko apustua berretsi du, eredu horrek baliabide txikiagoak eta arreta pertsonalizatua lehenesten dituela iritzita.
Zure interesekoa izan daiteke
Pradalesek gehiengo sindikala hartuko du, gutxieneko soldataren negoziazioa eta Osakidetzaren gatazka mahai gainean direla
11:00etan Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiarekin bilduko da, eta 12:30ean, Mikel Lakuntzarekin (ELA). Sindikatu abertzaleak Jaurlaritzarekin oso kritiko mintzatu dira, eta Confebasken menera aritzea leporatu diote.
Lehen sektoreari eta Arabako Errioxari babesa agertu diete alderdiek
EH Bilduk sektorearen eta erakundeen artean "partekatutako" estrategia baten alde egin du. PSE-EEren aburuz, "Arabako Errioxa klima aldaketaren aurrean babesteko fronte bat" eratu behar da. PPk uste du landa eremua "abandonatuta" dagoela, eta egoera aldatzeko ekimenak agindu ditu.
Faxismoaren aurkako manifestazio jendetsua Donostian
Ernaik 4.000 lagun bildu ditu Gipuzkoako hiriburuan 'Euskal Herria irabaztera' lelopean. Kontxako banderaren bigarren jardunaldiaren amaierarekin bat egin du protestak.
Rego ministroak erantzukizuna eskatu die autonomia erkidegoei adingabe migratzaileak Ceutatik penintsulara eramateko
Gazteria eta Haurtzaro ministroak azaldu duenez, 2.100 haur migratzaile daude hirian. Asko "oso egoera gogorretatik" ihesean iritsi dira bertara, besteak beste, "sexu-indarkeriatik edo derrigorrezko ezkontzetatik".
Manifestazioa Itsasun, Iparretarrak taldeko kide baten omenezko murala ezabatzeko aginduaren kontra
Frantziako Gobernuko ordezkariak Iparretarrak talde armatuko kide ohi baten murala ezabatzeko agindua eman ostean, gaur Itsasun, Lapurdin, ehunka lagun kalera atera dira erabaki hori gogor kritikatzeko. Ez dago argi Udalak noiz ezabatuko duen Txomin Olhagaray Iparretarrak taldeko kidea irudikatzen duen margoa. Manifestariek adierazi dute artelan bat baino ez dela eta noizbait liburuak ere erreko ote dituzten galdetu dute.
Irene Monterok primario ireki batzuetara aurkeztuko du bere burua Podemosen hautagaia izateko hauteskunde orokorretan
Ministro ohiak ezker alternatiboa gidatu nahi du, Sumar, IU, Mas Madrid eta Comunsek osatutako koalizioak oraindik hautagairik ez duen testuinguruan.
Javier de Andres Euskadiko PPko presidenteak Eusko Jaurlaritzaren espetxe politika kritikatu du
Euskadiko PPko presidente Javier de Andresek Alderdi Popularreko Belaunaldi Berriek antolatutako jardunaldi baten amaieran parte hartu du larunbat honetan, Bilbon. Bertan, Eusko Jaurlaritzaren espetxe politika kritikatu du, eta Henri Parot ETAko buruzagi ohiari hirugarren gradua eman izana aurpegiratu dio.
Eneko Andueza, PSE-EE: "Goazen lehentasun sozialetara"
Euskadiko sozialisten burua Abantoko Burdin Jaian egon da, eta adierazpenak egin ditu bertan bildutako kazetarien aurrean. Lehentasun identitarioen gainetik, bere alderdiak lehentasun sozialak lehenetsiko dituela azaldu du.
Tropa frankistek Errenteria okupatu zutela 90 urte bete direla eta, ekitaldia egin du Udalak
1936ko irailaren 13an sartu ziren indarrez Beorlegi koronelaren tropak. Gertakariok eta ondoren jazotako sarraskia gogoan, lore eskaintza eta minutu bateko isilunea egin dute gaur, Udalak antolatuta.
Richar Vaquero: "Ezkerraren batasunaren alde lan egiten jarraituko dugu"
Richar Vaquero Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiak larunbat honetan abiatu du alderdiaren Herritarren Kontseilu Autonomikoaren urte politiko berria. Lehenengo bileran adierazi duenez, Podemosek "euskal errealitatea batu, ilusioa piztu eta eraldatzeko gai izango den blokea eraiki" nahi du.