Istiluak Lasarte-Orian Voxen presentziaren aurkako protesta batean
Ertzaintzak segurtasun hesia jarri du Voxen mahaiaren inguruan, eta bertan bildutako antifaxisten aurka oldartu da. Lasarte-Oriako PSE-EE, EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Podemos alderdiek ere gaitzetsi dute Vox bertaratu izana.
Istiluak izan dira ostiral honetan Voxek Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) erdigunean informazioa emateko mahai bat jartzearen kontrako protestan.
Voxek iragarri zuen mahai bat jarriko zuela arratsaldeko bostetan Okendo plazan, eta ehun bat lagun bildu dira bertan, alderdi horren presentziagatik protesta egiteko, "Faxistak! Alde hemendik!" oihukatuz.
Ertzaintzak segurtasun-hesia jarri du Voxen mahaiaren inguruan, eta bildutako antifaxisten aurka oldartu da.
Arratsaldean, tentsioa handia izan da, 20:00ak aldera petardoak eta harri-koskorren bat jaurti dituzte, eta Ertzaintzak kargak egin ditu Voxen aurka protesta egiteko bildutakoen aurka.
Istiluetan zauritu den herritar bat artatu behar izan dute.
Aurretik, Vox Lasarte-Orian egotea errefusatu dute PSE-EEk, EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin Podemosek, eta adierazpen bateratu bat egin dute, "demokraziaren defentsa lehentasunezko egin beharra" dela esanez.
"Mundu mailan izaera atzerakoia duten hainbat talde politiko indarra hartzen ari dira eta iraganera itzularazi nahi gaituzte. Horren aurrean, udal honek etorkizunari begiratzen dio, komunitatearen kohesioan eta bizikidetza demokratikoan oinarritutako etorkizuna dugularik helburu", gaineratu dute bertan.
Adierazpenean, udal talde sinatzaileek probokazioetan ez erortzeko eta balio demokratikoetan sakontzen jarraitzeko eskatu diete herritarrei.