MEMORIA HISTORIKOA
'La base y la cruz' proposamenak irabazi du Erorien Haranari beste esanahi bat emateko proiektuen lehiaketa
Epaimahaiaren arabera, monumentu multzoari eta inguruari buruzko "beste ikuspegi bat" ematen du proiektuak, topaketari eta elkarrizketari bide ematen diolako. Naturak garrantzi handia hartu du espazio berrian.
'La base y la cruz' proiektuaren maketa. Argazkia: EFE
'La base y la cruz' proiektuak irabazi du Madrilgo Cuelgamuros Haraneko (lehen, Erorien Harana) monumentu frankistari beste esanahi bat emateko lehiaketa. Memoria Demokratikoaren Legea ezarrita, Espainiako Gobernuak jarri zuen martxan nazioarte mailako lehiaketa.
Hedabideen aurrean gaur egindako agerraldian, Iñaqui Carnicero Hiri Agenda Ministerioko idazkari nagusiak eman du irabazlearen berri, eta bere hitzetan, proposamen "ausarta" delako aukeratu du epaimahaiak. "Arrakala handi batek" Cuelgamuros Harana "eraldatu" egingo duela azaldu du, "elkarrizketaren eta aniztasunaren" espazio bilakatuz.
Zehaztu duenez, "naturak berebiziko garrantzia" hartuko du, eta monumentuaren orain arteko "axialitatea apurtu" egingo da. "Ikuspegi" bat baino gehiagok bat egingo dute gune berrian. "Ikuspegi demokratikoagoa eta pluralagoa emango du", esan du.
Espainiako Gobernuak iragarri zuen 30 milioi euro bideratuko dituela proiektu berria egitera.
Egun, Gerra Zibileko bi bandoetako 33.000 biktima daude lurperatuta haranean. Basilika nagusian Francisco Franco diktadorea eta Jose Antonio Primo de Rivera Falangeraren sortzailea egon ziren lurperatuta, baina 2019an eta 2023an, hurrenez hurren, gorpuak handik atera zituzten, Memoria Historikoaren legea oinarri hartuta.
Zure interesekoa izan daiteke
Denis Itxaso: “Kaleratze guztiak ez dira ezin ordaintzeagatik”
Richar Vaquero, Blocusi buruz: "Norbaiti asko-asko interesatzen zaio mobilizazioetan istiluak egotea"
Gaur egingo dira Donostian eta Gasteizen hauteskunde-mahaietan nor egongo den aukeratzeko zozketak
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"