Jose Angel Gonzalez, Alonsotegiko Aldana tabernako jabea hil da, 89 urterekin
Jose Angel Gonzalez, Alonsotegiko Aldana tabernako jabea hil da bart, 89 urterekin. Duela ia 46 urte, 1980ko urtarrilaren 20an eskuin muturreko Grupos Armados Españoles (GAE) taldeak 6 kilo Goma-2 zeramatzan bonba bat leherrarazi zuen tabernako atean, eta taberna barruan zeuden 15 lagunetatik lau hil ziren: Liborio Arana Gomez (54 urte), Pacifico Fika Zuloaga (39), Maria Paz Armiño (38) eta Manuel Santacoloma Velasco (57).
Bonba tabernako atean kokatua zegoen eta zartako ikaragarriaren ondorioz, eraikinaren zati handi bat behera erori zen eta eraitsi egin behar izan zuten gerora zutik gelditu zen zatia.
Aldana tabernan ideologia abertzaleko bezeroak egon ohi ziren eta mehatxuak behin baino gehiagotan jaso izan zituen Gonzalezek. Harik eta mehatxua bete eta eraso egin zuten arte.
GAEk bere gain hartu zuen atentatua eta Jose Amedok (Estatu Terrorismoagatik zigortutako polizia-ohia) hartu zuen ikerketaren ardura. Baina, gertakariak ez dira argitu, ez eta arduradunak epaitu ere.
EITBk atentatuari buruz egindako dokumentala 'Aldana 1980. Isiltasun eztanda' Nahieran plataforman dago ikusgai.