Guardiako alkatearen ustezko delituak ikertzeko eskatu dio EH Bilduk Fiskaltzari
Koalizio abertzaleko zinegotziek azaldu dutenez, legegintzaldi honetan alkatearen eta haren gobernu taldearen zenbait jardunbide "legezkotasunetik kanpo daude eta delituzkoak izan daitezke". "Bereziki larritzat" jo dituen bi jokabidetan jarri du arreta EH Bilduk.
Guardiako (Araba) EH Bilduko zinegotziek idatzi bat helarazi diote Arabako Lurralde Auzitegiko Fiskaltzari, Raul Garcia alkate jeltzaleak ustez egindako bi delitu iker dezala eskatzeko.
EAJk du Alkatetza Guardian, PPri agintea galarazteko asmoarekin, koalizio abertzaleak jeltzaleei emandako babesari esker. Izan ere, PP izan zen azken udal hauteskundeetan garaile, gehiengo osorik lortu ez bazuen ere.
Diario.es egunkariak argitaratu duen idatzian, EH Bilduko zinegotziek azaldu dute alkatearen eta bere gobernu taldearen zenbait jardunbide "legezkotasunetik kanpo" daudela eta "delituzkoak" izan daitezkeela. Hain zuzen ere, "bereziki larritzat" jo dituzten bi kasu nabarmendu dituzte.
Alde batetik, uste dute Arabako Errioxako Landa Garapenerako Elkartearen bileretan Udalaren ordezkari gisa parte hartzen aritu dela alkatea, osoko bilkurak horretarako propio izendatu ez duen arren.
Bestalde, EH Bilduko zinegotziek adierazi dute kontratazio batean iruzurra egin duela, "idazkaria ez zegoela aprobetxatuz".
Zure interesekoa izan daiteke
1936ko irailetik azarora Hernanin fusilatu eta lurperatu zituzten 200 pertsonei omenaldia
Irungo komisarian jarraitzen dute terrorismoa leporatuta atxilotutako bi lagunek, eta ikerketapean dagoen hirugarrena IRArekin lotura lukeen irlandar bat da
Euskadiko PPk EAJ eta PSE-EE kritikatu ditu, Antondegin ez direla etxebizitzak eraiki salatuz
Lehendakariak "gure historiatik ikasteko" deia egin du ETAren jardun armatua amaitu eta 15 urtera