Eusko Jaurlaritzak dio ez dagoela "arrazoi juridikorik" hizkuntza-eskakizunen gaia Konstituzionalera eramateko
"Kezkatuta" agertu dira gobernuko ordezkariak, "sektore publikoa euskalduntzeko sistema zalantzan" jartzeko arriskua ikusten dutelako.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Euskal Enplegu Publikoaren Legearen 187.5 artikuluaren legezkotasunari buruzko kontsulta egiteko Konstituzio Auzitegira jotzea "bereziki larria" da. Ez dago horretarako "arrazoi juridikorik". Hala esan dute Ibone Bengoetxea eta Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak, hurrenez hurren, goizean elkarrekin egin duten agerraldian.
"Kezkatuta" agertu dira bi arduradunak euskararen judizializazioaren eta istrumentalizazioaren aurrean. Esan dute "zalantzan" jarri dela "Euskadiko hizkuntza-normalizazioaren oinarrizko zutabea, berrogei urtez baino gehiagoz indarrean eta bermatuta dagoena". Bengoetxeak azpimarratu du gai hori Auzitegi Konstituzionalera eramateak "sektore publikoa euskalduntzeko sistema guztia zalantzan jartzea" lekarkeela. "Sistema horrek zerbitzu benetan elebidunerantz pixkanaka eta proportzioan aurrera egitea ahalbidetu du", erantsi du.
Ubarretxenaren hitzetan, "ez dago arrazoi juridikorik konstituzioarekiko kontrakotasun-auzi hori planteatzeko". Nabarmendu duenez, orain zalantzan jartzen den edukia "ez da berria", 1982ko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legean eta 1989ko Funtzio Publikoaren Legean agertzen baita, eta "esparru hori guztia Konstituzio Auzitegiak berrikusi eta bermatu egin zuen".
Bi sailburuek adierazi dute "euskara babestea, aniztasuna, bizikidetza eta euskara erabiltzen dutenen duintasuna babestea" direla Jaurlaritzaren helburuak.
Auziaren ibilbidea
PPk eta Voxek sektore publikoan euskararen erabilerari buruzko 19/2024 Dekretuaren aurka errekurtsoak jarri zituzten martxoan, eta, ordutik, Jaurlaritzaren iritzian, "zalantzagarriak" diren hainbat erabaki hartu ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Are gehiago, "deigarriak" egiten zaizkie Administrazioarekiko Auzien Salak hartu dituen hainbat erabaki, tartean, epaimahaiaren kideak aldatu dituztela.
"Azaroaren 14an bi errekurtsoak metatu zituen, edukia eta irismena oso desberdinak izan arren, eta egun horretan bertan ireki zuen konstituzioarekiko kontrakotasun-auzi baterako izapidea", azaldu dute sailburuek.
187.5 artikulua Konstituzioaren aurkakotzat jotzen bada, "dekretuaren beste artikulu batzuk eta hizkuntza-eskakizunen sistemako elementuak" aldatzeko aukera dagoela nabarmendu dute.
Jaurlaritzak gogorarazi duenez, "ez Enplegu Publikoaren Euskal Legea ez 19/2024 Dekretua ez daude etenda, eta biek indarrean eta indar betean jarraitzen dute".
Hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasuna
Bere agerraldian, Bengoetxeak "eztabaida juridikoko funtsezko bi kontzeptu" azaldu ditu, "nahasteak saihesteko": hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasuna.
Zehaztu du hizkuntza-eskakizuna lanpostuaren ezaugarri bat dela, "maila, titulazioa eta funtzioak diren bezala". Enplegu Publikoaren Legeak ezartzen duenez, lanpostu guztiak eskakizun-maila batekin sailkatu behar dira, baina horrek ez du automatikoki eskakizun hori betekizun bihurtzen. "Profil bat esleitzeak ez du inor ezertara behartzen", azpimarratu du.
Aldiz, erantsi duenez, "derrigortasunak, hau da, eskakizun horri derrigortasun-data bat esleitzeak lanpostu jakin batean, hizkuntza-eskakizun hori betekizun bihurtzen du zehazten den datatik aurrera". "Derrigortasun-data hori iraungi ez den bitartean, ezin izango da euskara-eskakizuna eskatu. Eta, kasu horietan guztietan, euskararen ezagutza merezimendutzat hartzen da sarbide-probetan".
Akordiorako deia alderdiei
Egoera horren aurrean, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak alderdiei dei egin die, Enplegu Publikoaren Legea moldatzeko aurkezteko ekimenen inguruan ados jar daitezen. EAJk eta EH Bilduk ekimen bana aurkeztu dute, euskararen legezkotasuna blindatzeko. Ahalik eta akordio zabalena lortzeko "ahalegina" egiteko eskatu die Bengoetxeak ordezkari politikoei.
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Gobernuak baztertu egin du adostasunik ez duten neurriak krisiaren aurkako planean sartzea
Alokairuko etxebizitzetan bizi direnei nolabaiteko babesa emateko neurriak negoziatzen ari dira oraindik. Dekretua ostiralean onartuko dute Ministroen Kontseiluan eta datorren astean bozkatu Kongresuan.
Bengoetxea: "Euskara defendatzea batzea da, ez baztertzea"
Korrikaren inguruan sortutako polemikaren harira, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du Korrika beti izan dela "euskararen inguruko topagune sozial handia", eta "garrantzitsua" dela "batzen duen espazioa izaten jarraitzea". "Ez da harresi edo lubaki gehiagorik behar. Euskarak zubiak behar ditu", adierazi du.
Etchegarayk ez dio sinesgarritasunik eman Baionan eratu duten ezkerreko aliantzari
Azken 12 urteotan Baionako alkate izan denak hautesle abertzaleei gogorarazi die Etcheto sozialista jakobinoak Euskal Hirigune Elkargoa sortzearen aurka egin zuela.
PSE-EEk ez du Korrikan parte hartuko "CCOOri jarritako betoagatik"
Alderdi sozialistak ohar batean kritikatu duenez, "CCOOren ordezkaritza baztertzea euskarak merezi ez duen intolerantzia adierazpen bat da".
Ezkerreko alderdiek akordioa itxi dute Baionan eta Biarritzen, bigarren itzulira elkarrekin aurkezteko
Lapurdiko hiriburuan, Jean-Claude Iriart abertzalea izango da ezkerreko aliantzaren zerrendaburu, eta helburua da Jean-Rene Etchegaray orain arteko auzapeza kargutik kentzea. Elgarrekin Baionarentzat izena hartuko du zerrenda berriak.
Negoziazioak ezker-eskuin, auzapezak erabaki gabe geratu diren 11 udalerrietan
Baionan, Biarritzen, Hendaian, Kanbon eta beste zazpi udalerritan datorren igandean erabakiko da nork gidatuko duen herriko etxea datozen sei urteotan. Bihar arratsaldeko 18:00ak arteko epea dute zerrendak bateratzeko, hala erabakitzen duten kasuetan.
Abascalek PPri eskatu dio Vox sar dezala Gaztela eta Leongo gobernuan, koalizioa osatzeko
Karguez hitz egin baino lehen neurriak eta bermeak dituen programa bat negoziatzea proposatu du Voxeko buruzagiak, eta PPk presioa egin du Extremaduran eta Aragoin ere akordioak lortzeko.
EAJk eskatu du elektrizitatearen gaineko zerga jaistea eta hainbat sektoretan erregaiaren prezioan hobariak ezartzea
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak azaldu duenez, Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko 31 neurri jasotzen dituen proposamena bidali dio talde jeltzaleak Pedro Sanchez buru duen koalizio gobernuari.
Ubarretxenak iragarri du "akordio garrantzitsuak" izan direla aireportuen eskumenari dagokionez
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza eta Autogobernu sailburuak azaldu duenez, gaur sinatutako akordioak transferentziaren dokumentuan jasotzen badira, "akordioa gertu egon daiteke".
Espainiako Gobernuak aste honetan aurkeztuko ditu energiaren prezioen igoeraren aurkako neurriak
Aegesen ministroak aurreratu duenez, "erantzun integralerako plana" da eta "eragile sozialekin eta talde parlamentarioen proposamenekin" ari dira lanean; hala ere, ez du zehaztu noiz aurkeztuko duten Iraneko gerrak energiaren prezioetan izan duen eragina arintzeko ekimena.