Teresa Peramato Estatuko fiskal nagusi izendatu dute, Alvaro Garcia Ortizen ordez
Espainiako Aldizkari Ofizialak Garcia Ortizen kargugabetzea eta Peramatoren izendapena argitaratu ditu. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren babesa jaso eta Diputatuen Kongresuko Justizia Batzordearen agertu ondotik, Ministroen Kontseiluak Estatuko fiskal nagusi izendatu zuen atzo.
Gaurtik aurrera Teresa Peramato da Estatuko fiskal nagusi berria, eta Alvaro Garcia Ortiz ordezkatuko du, Espainiako Aldizkari Ofizialak (BOE) gaur argitaratu baititu Garcia Ortizen kargugabetzea eta Peramatoren izendapena.
Pasa den azaroaren 24an dimisioa eman zuen Garcia Ortizek, Auzitegi Gorenak Estatuko fiskal nagusi kargurako bi urteko inhabilitazioa ezarri ostean, Alberto Gonzalez Amador Isabel Diaz Ayusoren bikotekideari buruzko informazio konfidentziala filtratzeagatik.
Atzo Auzitegi Gorenak argitaratutako epaiaren arabera, Gonzalez Amadorren abokatuaren mezu elektronikoa filtratzeagatik eta Fiskaltzak 2024ko martxoaren 14an bidalitako prentsa oharragatik zigortu du. "Estatuko fiskal nagusiak ezin dio faltsua den albiste bati delitua eginez erantzun", jasotzen du epaiak.
Kargurako bi urteko inhabilitazioa ez ezik, 7.200 euroko isuna eta 10.000 euroko kalte-ordaina ere ezarri dio.
Peramatoren izendapena
Halaber, Espainiako Aldizkari Ofizialak Teresa Peramato Estatuko fiskal nagusi berriaren izendapena argitaratu du, atzo Ministroen Kontseiluak onartu ostean.
Peramatok kargua hartu aurreko izapide guztiak gainditu ditu. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren babesa jaso ondotik, Diputatuen Kongresuko Justizia Batzordearen agertu zen bere merituak azaldu eta kargurako egokia zela defendatzeko, eta, azkenik, atzo Ministroen Kontseiluak Estatuko fiskal nagusi izendatu zuen.
Karrerako fiskala da 35 urte daramatza fiskaltzan, eta eragile juridikoek "aho batez onartu" dute. Ibilbide luzea du, genero indarkeriaren aurkako borrokan nagusiki. Izan ere, arlo horretako espezializazio judizialaren "bultzatzaile handienetakotzat" jotzen da.