Osasun sailburuak "jarrera aldatzeko" eskatu dio Osasun ministroari, medikuen grebaren eta profesionalen faltaren aurrean
Alberto Martinez sailburua kezkatuta agertu da mediku eskasiari aurre egiteko neurririk hartzen ari ez direla iritzita, eta azalpenak eskatu ditu Esparru Estatutuan guardia medikoetarako proposatzen den antolaketa ereduari buruz.
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak "jarrera aldatzeko" eskatu dio ostiral honetan Monica Garcia Espainiako Gobernuko Osasun ministroari, medikuen grebaren eta profesionalen faltaren aurrean.
Martinezek "kezka" agertu du egungo egoeraren aurrean, "bereziki larria" baita iritsi den momentuagatik: gripearen kanpaina betean, birusak eragin handia duenean, eta Estatu osoko ospitale- eta osasun-zentroetan eragin hori milaka kontsulta eta arretatan jasaten ari direnean. "Ezin diogu aurre egin halako asistentzia-presio altuari lan-gatazka baten erdian, eta, gainera, Ministerioaren aldetik neurririk hartzen ari ez direnean profesionalen errelebo egokia bermatzeko", ohartarazi du sailburuak.
Halaber, azalpenak eskatu dizkio ministroari guardia medikoentzako Esparru Estatutuan proposatzen duen antolaketa-ereduari buruz, zein sistematara iritsi nahi den eta Ministerioak proposatzen dituen aldaketei aurre egiteko zein aurreikuspen ekonomiko darabilen azaltzeko.
Era berean, Osasun sailburua kezkatuta agertu da mediku eskasiari aurre egiteko neurririk ez dagoelako, arazo hori egiturazkoa eta gero eta handiagoa dela uste baitu. Salatu duenez, mediku askok erretiroa jakinarazten dieten gutunak jasotzen dituzten bitartean, oraindik ez da konpondu Euskadik duela hilabete batzuk erretiro-adina luzatzeko egindako eskaera.
Martinezek gogorarazi du medikuen greba, egun hauetan martxan dagoena, hainbat osasun-kolektibok aurretik egindako deialdiei gehitzen zaiela eta urtarrilean beste bat aurreikusita dagoela negoziazioetan aurrera egin ezean. "Horri gehitu behar zaio Ministerioak inoiz baino gehiago atzeratu duela BAME azterketa egiteko onartutakoen behin-behineko zerrendaren argitarapena", azpimarratu du Martinezek.