Otegi, "harrituta" EAJren eta PSE-EEren isiltasunaren aurrean, PPk "benetako asmoak" erakutsi ostean
Koalizio abertzalearen idazkari nagusiak adierazi du harrituta jarraitzen duela "24 orduren ostean, EAJ edo PSE-EE bezalako indarren isiltasunarekin". Bere arabera, hemen "ez dago arazo bat EH Bilduren eta PPren artean: bloke atzerakoia da Euskal Herriarekin arazo bat duena".
Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak esan du "harrituta" jarraitzen duela, "24 orduren ostean", EAJ edota PSE-E bezalako alderdien "isiltasunarekin", PPk haren "benetako asmoak" agerian utzi eta eta koalizio abertzalea "politikoki suntsitzeko nahia" erakutsi ostean.
Javier de Andres Euskadiko PPko presidenteak ostegunean Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpenei erantzun die Otegik, bere sare sozialetan zabaldutako mezu batean.
EH Bilduko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, "2004ko martxoaren 11n erakutsi genuen gezurretan ari zirela hauteskundeak irabazteko asmoz. Atzo, agerian geratu ziren PPren benetako asmoak eta EH Bildu politikoki suntsitzeko nahia".
"Gaur, 24 orduren ostean, harrituta jarraitzen dugu EAJ edo PSE bezalako indarren isiltasunarekin", gaineratu du ezker abertzaleko kideak. "Hemen ez dago arazo bat EH Bilduren eta PPren artean: bloke atzerakoia da Euskal Herriarekin arazo bat duena", esan du X sare sozialean zabaldutako mezu batean.
"EH Bilduk politika egiteko beste modu bat dauka. Ez dugu irribarrea galduko, ezta guztiontzako Euskal Herri justu eta askeago bat eraikitzen segitzeko determinazioa ere", gaineratu du Otegik.