Sare: "Helmugara iristear gaude, helburuak betetzen, baina oraindik burutu gabe dagoen prozesu batean"
EH Bildu, Ahal Dugu, Junts, ERC, CUP eta BNG alderdietako eta hainbat sindikatutako ordezkariak ez ezik, kultura, unibertsitate edo kirol arloko ordezkaritza zabal bat ere batu da Bilbon ETAko presoen eskubideen alde milaka lagunek egin duten manifestaziora.
Milaka lagun batu dira larunbat arratsalde euritsu honetan Bilbon, ETAko presoen eskubideen urraketaren akabera aldarrikatzeko. Jendetsua izan da aurten ere "Ezin da gehiago luzatu" lelopean Sarek deitu duen manifestazioa.
Besteak beste, "salbuespen neurrien amaiera" galdegin dute gaurko hitzorduan, euskal presoak etxeratzea eskatzen zuten manifestarien oihuen artean. Protesta ekitaldian, Venezuelaren aldeko mezu eta keinuak ere entzun eta ikusi dira.
EH Bilduk garrantzitsutzat jo du, beste behin, euskal gizarteak bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren alde egin izana. "Beste urte batez, Sare Herritarrak deitutako mobilizazioarekin modu masiboan bat egin, eta Bilboko kaleak bete dira. EH Bilduk euskal herritarrekin batera egon nahi izan du. Horregatik, gaurko mobilizazioan parte hartu dute, besteak beste, Arnaldo Otegik, Gorka Elejabarrietak, Laura Aznalek, Pello Otxandianok eta Miren Zabaletak", esan dute.
"Euskal gizartearen gehiengo zabal batek konpromiso argia agertu du bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren alde. EH Bilduk, bere aldetik, euskal gizartearen nahi horren alde lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du. Agerikoa da azken urteotan aurrera urratsak eman direla elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan, baina orandik ere geratzen dira lanak egiteko", erantsi dute.
Besteak beste, EH Bildu, Podemos, Junts, ERC, CUP eta BNG alderdietako eta hainbat sindikatu, elkarte eta kultur mugimenduetako ordezkariak bildu dira manifestazioan. 17:00etan abiatu da Casillatik, eta udaletxe aurrean eman ditu azken urratsak, bertan hartu baitute hitza Sareko ordezkari Joseba Azkarraga eta Bego Atxak.
Hitzarte nagusia
Aitor Etxeberriazarragaren eta Xabat Ilarregiren bertsoak eta Pantxoa Karrereren eta Olaia Inziarteren doinuek eman diote sarrera amaierako berbaldiari.
Udaletxeko zabalgunera iristean, hitzarte nagusian, Atxak esan du "helmugara heltzear gaude, pixkanaka 2014an ezarritako helburuak betetzen ari gara: presoen eskubideen urraketaren bukaera eta espetxe politika arrunt baten ezarpena".
"Baina prozesua ez da oraindik amaitu. Soilik guztiok batera giza eskubideak aldarrikatzen baditugu lortuko dugu hamarkadak iraun duen gatazka eta sufrimendu honi bukaera ematea. Euskal gizartearen konpromisoari esker erdietsiko ditugu bakea eta bizikidetza", azpimarratu du Atxak.
Hori horrela, iritzi dio ezin direla egoera bidegabeak denbora gehiagoz luzatu. "Elkarrekin elkarbizitza demokratiko bat eraikitzeko ordua da, aitortzan eta errespetuan oinarrituta dagoena, eta gizabanakoen eskubideak babesten dituena", adierazi du Atxak.
Nolanahi ere, argi utzi nahi izan du prozesu horretan batzuk soberan daudela, "biktimen mina eta sufrimendua interes politikoetarako baliatzen dutenak, edota biktimak kategoria ezberdinetan sailkatzen dituztenak, adibidez". "Soberan daude, baita ere, espetxe eskubideen urraketan tematuta egonik ere, beren buruen autokritikarik egiten ez dutenak, mendekuan eta gorrotoan oinarritutako estrategia dutenak", gaineratu du.
Bukatzeko, esan du Euskal Herrian bizikidetza ez dela ahanzturaren fruitu izango, egiarena eta aurrera egiteko borondatearena baizik. Horretarako, beharrezkotzat jo du hormak zeuden tokian zubiak altxatzea, korapiloak askatzea eta besteak onartzea norbera izateari utzi gabe.
"Memoria kolektibo baten alde egiten dugu, hausnakerta kolektibo baten alde. Indarkeriarik gabe izanik ere, bakeak ez baitu merezi bidegabekeriak badaude eta memoriarik ez badago", erantsi du.
Amaitze aldera, biktima guztien mina errespetatzea eskatu du. "Ezin da haien sufrimendua gutxietsi, ezta interes partidistengatik manipulatu ere. Haien memoria etika publikoaren oinarri izan behar da. Horregatik, onarpena behar dute torturatuak izan diren pertsonek, segurtasun indarren esku hildakoek, hots indarkeria guztien biktimek".
EH Bildu eta koalizio hori osatzen duten alderdiak, Ahal Dugu, EH Bai, Junts, ERC, CUP, BNG eta Mes Per Mallorca izan dira manifestazioan.
ELA, LAB, ESK, Steilas, HIRU, EHNE, CGT, CNT eta Etxalde sindikatuek, Etxeratek, Gure Eskuk, EHko Torturatuen sareak, Bilgune Feministak, Harrerak, ANCk, Omnium Culturalek, L'Advocacia Catalunya koordinakundeak, eta Sortuk, Ernaik, Eusko Alkartasunak eta Gazte Abertzaleak elkarteak ere bat egin dute deialdiarekin.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik