"Gatazkaren ondorioei behin betiko konponbidea" ematea eskatzeko manifestazioa egingo du arratsaldean Sarek
Martxa 17:00etan abiatuko da Casillatik, "Ezin da gehiago luzatu" lelopean. Sareren esanetan, azken urteotan "asko aurreratu da" eta "azken fase batean gaude", baina erakunde publiko batzuen partetik "borondatea falta da" eta hori aldarrikatuko du gaurko mobilizazioan.
11. urtez jarraian, ETAko presoen eta horien senideen eskubideak aldarrikatzeko manifestazioa egingo du gaur arratsaldean (17:00etan, Bilboko Casillan) Sarek. "Ezin da gehiago luzatu" leloa aukeratu dute aurtengo hitzorduarentzat; izan ere, euskal preso politikoen aldeko sare herritarrak uste du euskal gatazkaren "behin betiko konponbidearen azken fasean" gaudela.
ETAko presoei ezartzen zaien "salbuespen politika" uzteko eta gainerako presoei ezartzen zaien espetxe politika arrunta aplikatzeko eskatuko dute, beste behin; izan ere, horien esanetan, gaur-gaurkoz 105 preso daude kartzelan, eta horien erdiek erregimen itxian jarraitzen dute, euren eskubidea "kalea zapaltzea" bada ere.
Gaur goizean eman ditu datu horiek Beñat Uribe-etxeberria Sareko kideak Euskadi Irratian, elkarrizketan. Bertan azaldu duenez, nahiko lukete gaurkoa azken manifestazioa izatea, eta "asko aurreratu" dela aitortu badu ere, erakunde publiko batzuen aldetik "borondatea falta" dela salatu du.
Urtero legez, jendetza espero da Bilboko kaleetan. Horren harira, atxikimendu ugari jaso ditu hitzorduak. EH Bilduk eta Podemos Euskadik eta gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE, CGT, CNT eta Etxalde) babesa azaldu diote manifestazioari, eta ordezkaritza bidaliko dute. Euskal Herriko eragileez gain, Juntsek , ERCk, CUPek, BNGk eta Mes per Mallorca alderdiek ere babestu dute.
17:00etan abiatuko da martxa Casillatik, eta Bilboko udaletxe parean amaituko da. Bertara iritsitakoan, Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko bozeramaileek hartuko dute hitza.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik