Puigdemont atxilotzeko agindua bere horretan utzi du Auzitegi Konstituzionalak
Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak atzera bota du atxilotze agindua bertan behera uzteko Puigdemonten defentsak egindako kautelazko eskaria, aurrez Puigdemontek berak jarritako babes helegitea ebatzi bitartean.
Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohia atxilotzeko agindua mantentzea erabaki du Auzitegi Konstituzionalak, iturri juridikoek EFE albiste agentziari adierazi diotenez.
Fiskalaren irizpideari jarraituz, Auzitegi Konstituzionalak aho batez atzera bota du atxilotze agindua bertan behera uzteko Puigdemonten defentsak egindako kautelazko eskaria, aurrez Puigdemontek berak jarritako babes helegitea ebatzi behar duela argudiatuta. Auzitegi Gorenak Amnistia legea aplikatu ez ziolako babes helegitea aurkeztu zuen Konstituzionalean.
Puigdemonten kasuan gertatu bezala, Antoni Comin eta Lluis Puig Generalitateko kontseilari ohiek aurkeztutako eskaerak ere baztertu ditu, eta, hortaz, horien aurkako atxilotze aginduek ere indarrean jarraitzen dute.