GOIDIaren kudeaketan erantzukizunik ez hartzea egotzi dio Feijook Espainiako Gobernuari: "Larrialdi nazionala ezarri behar zuen"
PPren presidenteak Kongresuko ikerketa batzordearen aurrean nabarmendu duenez, administrazio bakar batek ere ez zuen egin behar beste egin goialdeko depresioaren ondoren. Halaber, Jucarreko Konfederazio Hidrografikoa (CHJ) jo du tragediaren "arduradun nagusi" gisa.
Alberto Nuñez Feijoo PPren buruzagiak erantzukizunik ez hartzea egotzi dio Espainiako Gobernuari, 2024ko urriaren 29an bereziki Valentzia astindu eta datu ofizialaren arabera 230 hildako utzi zituen goialdeko depresioaren (GOIDI) kudeaketa dela eta. Ildo horretan, Sanchezen gobernuak "larrialdi nazionala" ezarri behar zuela esan du berriz Feijook.
GOIDIa dela eta Diputatuen Kongresuan abiatutako ikerketa batzordean agerraldia egin du gaur Feijook, eta "beste buruzagi politiko bati" galdetzeko eskatu die diputatuei, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari erreferentzia eginez.
PPren presidentearen arabera, administrazio bakar batek ere ez zuen egin behar beste egin goialdeko depresioaren ondoren. Halaber, Jucarreko Konfederazio Hidrografikoa (CHJ) jo du tragediaren "arduradun nagusi" gisa.
Feijooren esanetan, tragedia gertatu zenean Valentziako presidentea zen Carlos Mazonekin mezuak trukatu zituen WhatsApp bidez, baina 2024ko urriaren 29ko 19:58tik aurrera, eta, beraz, ez daki noiz arte egon zen Valentziako Generalitateko presidente ohia El Ventorro jatetxean.
Azaldu duenez, zer gertatzen ari zen eta zerbait behar ote zuen galdetu zion Mazoni, ez, ordea, non zegoen. "Nire betebeharra bete nuela uste dut", gehitu du.
Mazonen defentsa
Mazonek lehenago dimititu ez izanari buruz galdetu dio Josep Maria Cervera Juntsen diputatuak, eta, erantzutean, Valentziako Generalitatearen jarrera zuritu du Feijook. “Bakoitzak zer uste duen gorabehera, jendeak oker zaudela esaten dizunean, zintzoena joatea da. Mazonek egin beharrekoa egin zuen urtebete eta erdi igarota, eta gizarte tentsioaz jabetu zenean. Bera izan da erantzukizuna bere gain hartu duen bakarra”. Jokabide hori Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren presidentearenarekin alderatu du, izan ere, horren ustez, Sanchezek ez du erantzukizunik asumitu.
Idoia Sagastizabal EAJren diputatuak egindako galdeketaren ostean, Feijook jeltzaleen kontra egin du Mazonen jarrera salatu duelako eta ez Oscar Puente Garraio ministroarena, Adamuzko (Kordoba) eta Gelida (Bartzelona) tren istripuak hizpide.
Adamuzko istripuaren kudeaketarekin alderatu du
Feijook nabarmendu duenez, bere “egitekoa bete” zuela, eta behin baino gehiagotan azpimarratu du berdin jokatuko lukeela berriro. "Zuk baino gehiago egin nuen, zuk ez baitzenuen ezertxo ere egin”, bota dio Gabriel Rufian ERCren diputatuari, horrek galderen txandari ekin dionean. Politikari katalanak erantzun dio Feijoo presidentegaia dela, eta bera Kataluniako alderdi independentistaren bozeramaile xumea.
Ika-mika gogorrean katramilatu dira ondoren biak ala biak, batez ere Feijook GOIDIren kudeaketa eta Adamuzko tren istripuaren auziarekin egindakoa elkarrekin erkatu dituenean.
Valentziako presidente karguari zein parlamentuan duen eserlekuari eusteko “Mazonek duen botereaz” itaundu dio Rufianek PPko buruzagiari, eta iradoki du harremana izan dezakeela Alacanteko babes ofizialeko etxeen auziarekin (ikerketa abian dago PPko hainbat buruzagik etxebizitza lortu dutela eta).
Feijook gaiak nahastea egotzi dio, eta zeharka bada ere, Adamuzko tren istripuaren gaia atera du. “Ni gobernuan banengo, hiltzaile deituko ninduzun. Errail zati bat ekarriko zenuke, eta zure eserlekuan jarri”, bota dio.
Rufianek salatu du GOIDIa eta tren istripua ezin direla “inondik inora alderatu". Mazon “hiltzaile eta psikopata” babestea egotzi dio, “ez baitzituen eman beharreko aginduak eman”. Rufianen aburuz, Adamuzko ezbeharra “azpikontrata baten errua izan da, lana ondo egin ez zutelako”. Erantsi duenez, ”baliteke” Puentek dimititu behar izatea, baina behintzat “uneoro dabil azalpenak ematen”.
PPko buruzagiak bestela iritzi dio: “Aurrekaririk ez duen fenomeno meteorologiko bat ezin da trenbide arloko zabarkeria jarraitu batekin alderatu”.
Aurrez aurrekoa, Feijooren eta Matuteren artean
Oro har, tentsio handiko agerraldia izan da, eta Feijook bereziki aurrez aurreko gogorra izan du Oskar Matute EH Bilduren diputatuarekin. ETAri eta Arnaldo Otegiri buruzko erreferentziekin erantzun dio Feijook Matuteren galdera guztiei.
Zehazki, ETAk hil zituenak (800dik gora) eta Arnaldo Otegiren ibilbidea ekarri ditu gogora Feijook. Azkenean ikerketa batzordearen presidenteak kargu hartu behar izan dio, eta ikerketaren muinari heltzeko eskatu.
Zure interesekoa izan daiteke
Patxi Lopez CNIren Ceutako jardueraren inguruko bertsioei buruz: "Posible da bi gauzak egia izatea aldi berean"
Patxi Lopez PSOEk Kongresuan duen bozeramaileak asteazken honetan adierazi duenez, Defentsa eta Barne ministroek emandako bi bertsioak "egia izan daitezke aldi berean"; izan ere, berretsi du egon zitekeela sareetan zegoen mugimenduei buruzko abisua, jendeak itsasoz pasatzeko zuen asmoei buruz, baina, bere hitzetan, "agian ez zen kalibratu edo ez zegoen izango zuen ezohiko dimentsioari buruzko informaziorik".
Protesta artean onartu dute Zizur Nagusian 2.081 etxebizitza eraikitzea aurreikusten duen plana
Bien bitartean, hainbat herritarrek eta herri plataformak elkarretaratzea egin dute Udaletxe parean planak kultur ekintzetarako erabiltzen diren zenbait eraikin galtzea ekarriko duela salatzeko. Geroa Baik, UPNk eta PPk azken asteetan presioak eta irainak jasan dituztela azaldu dute.
Sanchezek agerraldia egingo du irailaren 3ko Kongresuko Osoko Bilkuran, Ceutako krisia dela eta
Sanchezek asteazken goizean eskatu du Kongresuan agertzea. Irailaren 9a proposatu du, ohiko bilkura-aldiko lehen Osoko Bilkurako data, baina 3an hitz egingo du azkenean. PPk eskatuta, Kongresuko Diputazio Iraunkorrak asteazken honetan Sanchezi premiazko agerraldia egin ala ez erabakitzeko eztabaidarako ordu gutxiren faltan ezarri da data.
Espainiako Gobernuak asilo legea eta atzerritarrei buruzko legearen erreforma onartu ditu, Ceutako migrazio-krisiaren ostean
Testuek "ikuspegi bermatzailea" dute eta migratzaileen giza eskubideak errespetatzen dituzte. Halaber, Espainiako esparru juridikoa Migrazioaren eta Asiloaren Europako Itunera egokitu dute.
Roblesek esan du CNIk bere lana egin zuela Ceutan, eta Marlaskak berretsi du ez zela "txostenik" egon
Defentsa eta Barne ministroek bertsio kontrajarriak eman dituzte uztailaren 30ean migratzaileak hiri autonomora sartu ziren egunaren bezperan gertatutakoari buruz.
Ceutako krisia bideratzeko Segurtasun Nazionaleko Kontseiluaren ezohiko bilera eta aginte bakarra deitu du Sanchezek gaurko
Margarita Robles Defentsa ministroak agerraldia egingo du gaur Kongresuko Defentsa Batzordean, Ceutako krisiaren berri emateko. Datozen egunotan Behe Ganberako hainbat batzordetan hitz egingo duten zortzi ministroetatik lehena izango da.
Udal eta foru hauteskundeetarako eta Nafarroako Parlamenturako prozesua prestatzen ari da EH Bildu
Bere oinarriei dei egin die "parte har dezaten eta ezkerreko soberanismoaren eskaintza politiko eta elektorala osatzeko lanaren parte izan daitezen, erronkaren tamainako anbizioarekin".
Saizek Feijooren aurka egin du Ceutan konfinamendua eskatzeagatik: "Xenofobia da kutsakorra"
Elma Saiz Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroaren arabera, Alberto Nuñez Feijoo PPren presidenteak Ceuta konfinatzeko eskatu izana "arduragabekeria larria" da, ez baitago kutsatzeko arriskurik, eta buruzagi popularraren "ezjakintasuna" kritikatu du.
EAJk Frantziarekin hitz egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuari, Irungo trafikoaren "itogunea" konpontzeko
Halaber, Cristina Laborda Irungo alkatearen "demagogia" kritikatu du, eta adierazi du arazoa ez dela "errepide gutxi" dagoela, baizik eta Frantziak muga "itogune" bihurtu duela herria.
Pradalesek humanismoaren alde egin du ziurgabetasunaren aurrean, Euskadiren "euskarri sendoena" delakoan
Lehendakariak Jose Maria Arizmendiarrieta, euskal kooperatiben mugimenduaren sortzailea, eta Jose Antonio Agirre lehendakaria aipatu ditu humanismoaren erreferente gisa, eta kontzeptu hori eguneratzea beharrezkotzat jo du.