Hizkuntza politika berriak eragile ezberdinekin eraikitzea helburu duen prozesua hasi du EH Bilduk
Euskarak “momentu kritikoa” bizi duela ikusita, “eskala handiko erreakzioa” lortu nahi du koalizioak. Horretarako, euskararen komunitate osoaren eta adituen parte-hartzea izango duen prozesua egingo dute hurrengo asteetan.
Hizkuntza politikari buruzko irakurketa konpartitu bat egitea eta euskararen komunitatea artikulatzea bilatzen duen prozesu bat abiatu du EH Bilduk. Euskarak bizi duen egoera kritikoari aurre egiteko, “eskala handiko erreakzioa” bilatzen du. Prozesuan, adituek eta euskararen komunitateak parte hartuko dute, eta Aste Santua amaitu arte iraungo du.
Nerea Kortajarena EH Bilduren Programa idazkariak eta Josu Aztiria Euskararen Normalizaziorako idazkariak azaldu dituzte ekimen honen nondik norakoak hedabideen aurrean.
Horien hitzetan, “euskarak aspaldian bizi duen egoerak eraman du” koalizioa prozesu hau antolatzera. Euskara biziberritzeko prozesuak nabarmendu, eta euskarak “momentu kritikoa” bizi duela azpimarratu dute. Erabileraren moteltzea, arnasguneen desagertzea eta hizkuntza gaitasunean "ataskoa" aipatu dituzte atzeraldiaren zantzu gisa.
Horren aurrean, orain arteko formulekin jarraitzeak “ez du balio”, horien aburuz, eta “hizkuntza politika berriak behar dira”. “Behar duguna da politika publiko eraldatzaileak, politika hauek trakzionatuko dituzten egitura berriak, berdintasunerako aterpe juridiko berri bat eskala politiko guztietan eta bulkada sozial eta komunitario bat eraikitzea”, esan du Kortajarenak.
Aztiriak euskara “berdintasunean eta eskubidez osoz” bizitzeko EH Bilduk proposatzen dituen hiru herri-erronkak azaldu ditu.
Lehenengoa, euskararen ezagutza eta gaitasuna igotzeko beharra dela esan du, eta harrera-hizkuntza izan behar duela erantsi du.
Bigarren, gertuko komunitate eta botere-guneetan euskara indartzeko lan egiteaz aritu da. Arlo horretan, gazteen aisialdia, arnasguneak eta hiriguneak aipatu ditu lan esparru gisa.
Azkenik, azpiegitura komunikatibo, kultural eta teknologiko berri eta sendoa eraikitzearen garrantzia nabarmendu du. XX. mendean Arantzazuk eta euskara batuak izan zuten paper eraldatzailean pareko azpiegitura bultzatzeaz aritu da.
Erronka horiek begi-bistan hartuta ekin dio EH Bilduk adituak eta euskararen komunitate osoaren parte-hartzea bilatzen duen prozesuari. Aztiriak “anbizio handiz” aritzeko deia egin du.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik