Euskararen indarberritze prozesuan norabide aldaketa bat proposatzen duen ‘Lurralde Estrategia’ aurkeztu du UEMAk
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) 'Lurralde Estrategia euskararentzat' dokumentua aurkeztu du, hizkuntza politikan eta euskararen indarberritze prozesuan norabide aldaketa proposatzen duena, lurgune euskaldunena "euskararen indarberritzearen motorra" izan dadin.
UEMAren zuzendaritza-batzorde osoak asteazken honetan Hernanin (Gipuzkoa) hedabideen aurrean egindako agerraldian nabarmendu duenez, estrategiaren oinarria lurgune euskalduna sendotzea eta legez babestea da, euskararen etorkizunerako funtsezko eremu gisa aitortuta.
Martin Aramendi UEMAko lehendakariak adierazi duenez, "azken hamarkadetan egin den lanari esker euskarak aurrerapauso esanguratsuak eman ditu ezagutzan eta esparru formaletan”. Hala ere, deitoratu du datu eta joera soziolinguistikoek erakusten dutela euskara indartsuen dagoen eremuetan ere ahultze zantzu “kezkagarriak” ageri direla. “Azken ikerketen arabera, gainera, hurbileko erabileran, transmisioan eta hiztunen tipologian gertatzen ari diren aldaketek arriskuan jar dezakete euskara nagusi den lurralde eremua", gaineratu du.
Testuinguru horretan, UEMAk aurkeztu duen estrategiak oinarri argia du: "Arnasguneak eta lurgune euskaldunena giltzarriak dira euskararentzat, eta eremu horiek babestea eta sendotzea ezinbestekoa da, euskararen lurralde osoan eragin dezaten eta euskararen biziberritzean motor izan daitezen".
Estrategiak bi ideia nagusi ditu oinarrian: batetik, lehentasuna da arnasguneen eta lurgune euskaldunenaren gainbehera iraultzea eta indartze bidean jartzea, eta, bestetik, hizkuntza politika lurralde ikuspegitik planifikatzea, horrek euskararen indarberritze prozesua azkartu eta eraginkorragoa bihur dezakeelakoan.
UEMAren ustez, lurgune euskaldunenean egindako ahaleginek inpaktu handiagoa dute erabileran eta komunitatearen sendotzean. Horregatik, baliabide publikoen eraginkortasuna hobetu beharko litzateke, lurgune euskaldunenari dagokion garrantzia aitortuz, gune hori legez babestuz eta euskararen indarberritzerako hauspo bihurtuz.
Bost irizpide
Horretarako, UEMAren 'Lurralde Estrategia’-k bost irizpide orokor proposatu ditu hizkuntza politika berriaren oinarri gisa. Dabid Anaut Leitzako alkateak eman du horien berri.
Lehenik, euskararen lurralde eremu guztietan eragin behar dela nabarmendu du, ahalegina indartuz eta toki guztietan estrategia egokiak garatuz, eta bigarrenik, eremu bakoitzaren errealitate soziolinguistikoari egokitutako politikak abiarazi.
Hirugarren irizpide orokorra da lurgune euskaldunenari motor eta lidergo rola aitortu behar zaiola, "euskara irradiatzen baitu gainerakoetara". Laugarrenik, estrategiak arreta berezia eskatzen du lurgune euskaldunenarentzat, bereziki arnasguneentzat, eta legez babestea, zabaltzeko eta sendotzeko. Azkenik, lurgune euskaldunena gainerako eremuen euskalduntzerako eta euskararen indarberritzerako baliabide estrategikoa bihurtu behar dela proposatzen du.
Irizpide horiek aplikatzeko, UEMAk aurkeztutako estrategiak babes eta sustapen bereziko eremu bat definitzea proposatzen du. Ildo horretan, Maitane Zearreta Busturiko zinegotziak azaldu duenez, "babes eta sustapen eremu horrek lurgune euskalduna zehaztu beharko luke lehenik, bilatuz epe ertain-luzera euskara nagusi izango den lurralde geografikoki jarraitu, demografikoki ohargarri eta soziolinguistikoki sendoa eraikitzea. Bestetik, bai gune zabal horretan baita gune horretatik kanpo gelditzen den zonaldean ere, barruan egon daitezkeen tipologia ezberdinak ere zehaztea lagungarria litzateke".
Era berean, bost irizpide orokorrekin batera, lurgune euskaldunenean eragiteko hiru norabide nagusi zehazten ditu astearte honetan aurkeztutako estrategiak: politika integraletara jauzia, demografia, ekonomia, harrera, lurralde antolaketa eta komunitatearen jasangarritasuna hizkuntza ikuspegitik lantzeko; hizkuntza politika aurreratuak hezkuntzan, kulturan, hedabideetan, aisian eta helduen euskalduntzean, errealitate soziolinguistikoari egokituta; hiztunen ahalduntzea eta kontzientzia linguistikoa indartzea, arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan komunitate sendoak eta konprometituak bermatzeko.
'Lurralde Estrategia'-k, aurrera egiteko, bi lanabes nagusi bultzatzea aurreikusten du epe laburrean. Lehenik, lurgune euskaldunena sendotzeko eta babesteko marko legal egokia garatzea dago, judizializazioaren ondorioz sortutako oztopoak gainditzeko eta eremu horretan politika ausartagoak egiteko babes juridikoa bermatzeko. Bigarrenik, Lurgune Euskalduna Sendotzeko Plan Integrala diseinatuko dute, politika, estrategia eta ekintza multzo antolatuak bilduko dituena, erakunde publikoekin eta gizarte eragileekin lankidetzan. Diagnostikoa egitea, lehentasunak zehaztea eta helburuak zein jarraipenerako eta ebaluaziorako bideak adostea dira hurrengo urratsak.
Proposamen irekia
UEMAk agerraldian nabarmendu du aurkeztutako dokumentua proposamen irekia dela. Aramendik adierazi duenez, "Euskal Herriko erakunde publiko, alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileekin partekatu eta aberastu nahi dugu gaurtik aurrera, oinarrizko adostasun zabalera heldu nahian".
Hala, dagoeneko lotuta dituzte lehenengo bilerak alderdiekin, euskalgintzarekin eta hainbat eragilerekin, eta horiekin hasiko da UEMA 'Lurralde Estrategia'-ren oinarriak adosten.
120 udalerri euskaldun biltzen dituen eta 350.000 biztanleko lurgune euskalduna ordezkatzen duen erakunde publiko gisa, UEMAk bere gain hartu nahi du lurgune euskaldunenaren etorkizuna bermatzeko ardura eta erantzukizuna. Helburua argia da: euskara nagusi den lurralde eremua babestea, sendotzea eta hedatzea, horren bidez euskararen indarberritzea hauspotzeko.
Martin Aramendik gogoratu duenez, "beste hainbat eragile ere ari da lanean, euskara indarberritzeko borondaterik sendoenarekin, euskara bidegurutzean dagoela ikusita eta hizkuntza politikak norabide aldaketa behar duela sinetsita. Euskalgintzak, esaterako, lan handia egin du azken hilabeteotan proposamen berriak mamitzen eta euskarak pizkunde berria behar duela jendarteratzen".
"UEMAk ere bat egin du ekimen horiekin. Horregatik, horiek sendotzera eta zehaztera dator Lurralde Estrategia, beti ere arnasguneak eta udalerri euskaldunak ardatz estrategiko gisa hartuta, horrek euskarak behar duen pizkundeari eta indarberritzeari hauspoa emango diolakoan", gaineratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
93 urte zituela hil da Antonio Tejero, O23ko estatu kolpe saiakeran protagonista izan zen teniente koronela
Haren heriotzaren iragarpena bat dator huts egindako kolpearen dokumentu desklasifikatuen argitalpenarekin.
Javier Remirezek Montejurrari, Mikel Zabalzari eta Sanferminei buruzko dokumentuak desklasifikatzeko eskatu du
Nafarroako Gobernuko lehen presidenteordeak prentsaurrekoan adierazi duenez, "demokraziarako beti da positiboa" informazioa desklasifikatzea, "iraganeko gertaerak hobeto ulertzeko aukera" ematen baitu, "demokrazia helduei dagokien gisan". Nafarroako Gobernuak sekretu ofizialei buruzko araudi berri bat egiteko eskatu du, indarrean dagoena 1968koa baita, "diktadura frankista garaikoa".
Espainiako Telebistan indarrez sartu ziren militarrek jasotako agindua: “Lehen tiroa, airera; eta bigarrena, jotzera”
Desklasifikatutako dokumentuetako batek El Pardo unitate militarraren telefono bidezko elkarrizketak jasotzen ditu.
Informatzaile batek CESIDi jakinarazi zion Juan Carlos I.a militar kolpistekin bildu zela, epaiketak Errege Etxea kaltetu ez zezan
Dokumentuak jasotzen duenez, erregea Milans del Bosch kolpistarekin bildu zen. Zerbitzu sekretuek sinesgarritasuna eman zioten informazioari, eta “goi-mailako ezagutza” gisa sailkatu zuen.
Dokumentu desklasifikatuek agerian utzi dute CESIDeko sei agente O23an inplikatuta egon zirela
Defentsa Ministerioak argitaratutako txostenen arabera, unitate berezi bateko kideek kolpe-saiakeran parte hartu zuten, eta haien jarduna estaltzen saiatu ziren.
Tejeroren elkarrizketak eta CESIDen oharrak, desklasifikatutako O23ko dokumentuen artean
Dokumentazioa Moncloaren webgunearen bidez eskura daiteke, eta hainbat ministeriotako 153 dokumentu biltzen ditu, estatu-kolpe saiakeraren aurrekoa eta ondorengoa barne.
Yolanda Diazek iragarri du ez dela hautagai izango 2027ko hauteskunde orokorretan
Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeak Bluesky sare sozialean argitaratutako mezu baten bidez eman du erabakiaren berri, eta Lan Ministerioan izandako agintaldiaren balantzea egin du.
Karmele Tubillak ostegunean utziko du Santurtziko alkate kargua
EAJk oraindik ez du baieztatu nor izango den Tubilla ordezkatzeko hautagai jeltzalea.
O23ko paperekin herritarrekiko zor bat kitatu dela adierazi du Sanchezek
Kongresuko kontrol saioan, Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak ontzat jo du erabakia, baina, haratago joateko eta GALen eta Mikel Zabalzaren hilketaren inguruko sekretuak ere altxatzeko eskatu dio presidenteari, "euskal jendartearentzat garrantzi handiko" kasuak direlako.