Pardo de Verak deklaratu du Aldama Garraio Ministerioan noiznahi ikusten zuela atzera eta aurrera
Auzitegi Gorenean egin duen deklarazioan, Adifeko presidente ohiak ukatu egin du inolako presiorik jasan izana musukoak erosteko edo inor entxufatzeko.
Isabel Pardo de Vera Adifeko presidente ohia, Auzitegi Gorenean. Argazkia: Europa Press
Musukoen auzian, Isabel Pardo de Vera Adifeko presidente ohiak deklaratu du gaur lekuko gisa. Esan duenez, Victor Aldama enpresaria noiznahi ikusten zuen garai hartan Jose Luis Abalosek zuzentzen zuen Espainiako Gobernuaren Garraio Ministerioaren egoitzan atzera eta aurrera, eta horrek harritu egiten zuela ziurtatu du.
Pandemia garaian musukoak legez kanpo erostea egotzita, Aldama, Abalos eta Koldo Garcia aholkulariaren aurkako epaiketaren seigarren saioa hartu du gaur Auzitegi Gorenak. Bere deklarazioan, Pardo de Verak ukatu egin du inolako presiorik jasan izana musukoak erosteko edo inor entxufatzeko.
Ziurtatu du ez zuela zerikusirik izan Adifen izenean erosi ziren bost milioi musukoen erosketan, eta kopuru hori zergatik erosi zen ere ez dakiela esan du. "Garraio Ministerioak erabaki zuen guztia. Ministerioaren agindu batean jaso zuten larrialdiko eskaria zela eta bost milioi musuko izango zirela. Beraz, hor Adifek ez zuen zerikusirik izan", gaineratu du.
Era berean, Garraioen Estatu idazkaria ere izan zenak azaldu du ez zuela inolako jarraibiderik jaso Soluciones de Gestion enpresa kontratatzeko, musukoak eskuratzeko 2020an. Adifek enpresa hori aukeratu izana ere ez zela bere erabakia izan adierazi du.
Jessica Rodriguez Abalosen bikotekide ohiari Ineco enpresak egin zion kontratuari buruz ere eman ditu azalpenak. Berak egin zuen bakarra Rodriguezen curriculuma Inecoko giza baliabideen departamendura helaraztea izan zela defendatu du, baino inolako presorik eta exijentziarik egin gabe.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik