EAJk eta EH Bilduk lehen kontaktuak izan dituzte euskara eskakizunei buruz hitz egiteko
EAJ eta EH Bildu alderdiek baieztatu egin dute lanpostu publikoetako euskara eskakizunen inguruan negoziatzeko lehendabiziko kontaktuak egin dituztela. Hurrengo ostegunean, maiatzaren 31an, amaituko da Legebiltzarrean dauden Enplegu Publikoaren Lege berriaren proposamenei zuzenketak aurkezteko epea. Bi alderdiek zuzenketak aurkeztuko dituztela aurreratu dute euskararen segurtasun juridikoa indartzeko helburuz.
Legebiltzarrean bi lege proposamen daude Enplegu Publikoaren inguruan, enplegu publikoen eskaintzetan euskararen eskakizunak blindatu ahal izateko: bat EAJrena eta bestea EH Bildurena.
EAJk jakinarazi du zuzenketa bat aurkeztuko diola bere testuari eta “zintzoki negoziatzeko prest dauden” alderdi guztiekin eseriko dela azaldu du. Hala, EH Bildurekin hizketan hasteko lehen kontaktuak izan dituztela baieztatu du.
Jeltzaleen ustez, ponentziaren fasea ireki ondoren, “une egokia” da “mahai gainean dauden testuak aztertu eta akordioak lortzeko bideak aztertzeko”. “Jarrera malgua eta eraikitzailea” izateko konpromisoa hartu du eta hori eskatu die gainerako eragileei ere.
Hala ere, ez dute “gehiegizko itxaropenik sortu nahi", indar politiko nagusiek orain arte “jarrera dibergenteak” izan dituztela uste baitute.
Bestetik, EH Bilduk ere Legebiltzarreko testuen gaineko zuzenketak aurkeztuko dituela azaldu du “lege-proposamenak aberasteko”. Horrez gainera, “begi onez” ikusten du EAJk lege horren inguruan “ezker subiranistarekin akordio batera iristeko aukera aztertzeko hartu duen erabakia”.
Hala ere, ezkerreko koalizioaren iritzian, gai honetan “adostasuna ezinbestekoa da, ez bakarrik EH Bildu eta EAJren artean, baita PSE-EErekin ere”. Bide horretan “konpromiso irmoarekin lan” egiteko borondatea azaldu du “oldarraldi juridiko, politiko eta mediatikoa geldiarazteko baldintzak sortzeko” helburuz.
EH Bilduk salatu izan du orain arte EAJk eta PSE-EEk ez dutela haiekin euskara eskakizunen inguruan negoziatu nahi izan. Aste honetan, PSE-EEren buru Eneko Anduezak adierazi du “EAJrekin akordioa lortzea oso zaila” iruditzen zaiola, nahiz eta esertzeko prest agertu den.