Erreakzioak

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ibone Bengoetxea: “Lege honen espiritua segurtasun juridiko handiagoa eskaintzea da, exijentzia gehiago ezarri gabe”

Lehendakariordeak, EAJk eta EH Bilduk euskararen segurtasun juridikoa bermatzeko akordioaren balioa nabarmendu dute; PSEk, PPk, Sumarrek eta Voxek, berriz, lege-aldaketa zalantzan jarri dute.

Bengoetxea sailburua, Imanol Pradales lehendakariarekin. Argazkia: Irekia

Administrazioan euskararen segurtasun juridikoa bermatzeko Enplegu Publikoaren Legearen aldaketak erreakzio ugari eragin ditu. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak eta baita EAJk zein abstentzioa eman duen EH Bilduk ere pozik hartu dute akordioa. Bestetik, PSE, PP, Sumar eta Voxen ordezkariek, baita CCOO sindikatuak ere, lege-aldaketa zalantzan jarri dute, argudio ezberdinekin.

Lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak positibotzat jo du Euskal Enplegu Publikoaren Legearen aldaketa onartu izana. Haren ustez, enplegu publikora sartzeko prozesuei "egonkortasun eta berme handiagoak" emango dizkie. "Lege honen espiritua segurtasun juridiko handiagoa eskaintzea da, exijentzia gehiago ezarri gabe. Legea ez da baztertzailea, eta aukera emango du euskararen ezagutza egiaztatzeko lanpostua eskuratu ondoren”, adierazi du.

Azaldu duenez, erreforma hainbat ebazpen judizialek enplegu publikoaren deialdietan sortutako ziurgabetasunari irtenbidea emateko beharrari erantzuten dio.

Bengoetxeak adierazi du "albiste ona" dela bai administrazio publikoentzat, bai sektore publikoan lanpostu bat lortu nahi duten milaka pertsonarentzat.

Era berean, legeak bi helburu dituela nabarmendu du: "zerbitzu publikoak bi hizkuntza ofizialetan eskaini ahal izatea bermatzea" eta pertsona orok "enplegu publikora sartzeko eskubidea berme guztiekin baliatu ahal izatea".

Bestalde, Bengoetxeak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzako bazkideen arteko harremana ez dagoela "kaltetuta" eta "bikaina" dela, EAJren eta PSEren arteko desadostasunak gorabehera.

EAJren eta EH Bilduren erreakzioak

EAJren aldetik, Markel Olanok EH Bildurekin lortutako akordioaren "balio kuantitatiboa" azpimarratu du. Haren iritziz, akordioak herritarren borondatea islatzen du, bi alderdiek legebiltzarreko ordezkaritzaren ia hiru laurdenak baitituzte.

Olanok nabarmendu du "kultura politiko desberdinak" dituzten bi alderdiren arteko akordioa dela, negoziazio-ahalegin handia eskatu duela, eta EAJ "bere konfort-zonatik ateratzera" behartu duela; horrela, modu inplizituan, gobernukide duen PSE-EEri egin dio erreferentzia. Gainera, iragarri du hemendik aurrera Legebiltzarrean egingo dituen hitzaldi guztietan euskara baino ez duela erabiliko.

EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaile Pello Otxandianok azaldu du bere taldearen abstentzioa erreformaren "desblokeoa" errazteko izan dela, eta EAJrekin lortutako "akordio politikoa" nabarmendu du.

Haren ustez, "legegintzaldi honetan lehen aldiz blokeen politika gainditu dugu", eta urrats hori "garrantzitsua" dela esan du, demokraziaren kalitatea hobetzen laguntzen duelako.

PSEren, PPren, Sumarren eta Voxen iritzia

Aitzitik, PSE-EEko legebiltzarkide Pau Blasik adierazi du "beste batzuek" azaldu beharko dutela zergatik urrundu diren 1980ko hamarkadatik euskararen eta Euskadiren pluraltasunaren inguruan egon diren "adostasun eta leialtasunetatik".

Blasiren arabera, adostasun horiek "hausten ari dira", bere ustez "herrialde plural honi erantzuten ez dioten" proposamenekin. Era berean, negoziazioan bere alderdiak izan duen jarrera defendatu du, PSEk administrazio plural baten aldeko jarrera "arduratsua eta diskretua" mantendu duela eta "gehiegikerietatik ihes egin" duela azpimarratuz. "Irainak, pankartak eta pintaketak beste aldetik etorri dira, ez guretik", gaineratu du.

Oposiziotik, PPko legebiltzarkide Santiago Lopezek salatu du arauak "ehunka mila euskal herritar" enplegu publikotik kanpo utziko dituela, eta defendatu du sektore publikoak ez duela "euskara gehiago behar".

Bestalde, Jon Hernandezek (Sumar) deitoratu egin du erreforma adostasunik gabe onartu izana, EAJren eta EH Bilduren arteko "trikimailu" bati esker. Haren ustez, akordioak aurretik hizkuntza-normalizazioaren inguruan zeuden adostasunak "kolpe batez indargabetzen" ditu.

Voxen legebiltzarkide bakarrak, Amaya Martinezek, berriz, adierazi du "egun tristea" dela, bere ustez "euskararen inposizioa" gertatu delako.

Azkenik, CCOO sindikatuak ere kritikatu du EAJren eta EH Bilduren arteko akordioa, uste baitu Euskadiko hizkuntza-adostasunak hausten dituela. Sindikatuaren esanetan, bi alderdiek administrazioetan eskatzen diren hizkuntza-eskakizunen kopurua handitu nahi dute, nahitaez bete beharreko indizeak ezabatuz eta, horrekin batera, progresibotasunaren eta proportzionaltasunaren printzipioak baztertuz. Gainera, ohartarazi du erreformak, segurtasun juridikoa eman beharrean, "gatazka-puntu berriak" sortzen dituela.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X