Meritxell Serret Generalitateko kontseilari ohiari amnistia aplikatu dio Gorenak
Amnistia ezartzen dioten Generalitateko lehen kontseilari ohia da. 2017ko urriaren 1eko Kataluniako erreferendumagatik urtebeterako gaitasungabetu zuten eta 12.000 euroko isuna ezarri zioten, desobedientzia larria egotzita.
Meritxel Serret, artxiboko irudi batean. Argazkia: Europa Press
Espainiako Auzitegi Gorenak amnistia aplikatu dio Meritxell Serret Kataluniako Generalitateko Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza eta Elikadura kontseilari ohiari. 2016ko urtarriletik 2017ko urrira arte izan zen karguan (Espainiako Gobernuak 155. artikulua aplikatu eta 2017ko urriaren 28an kargutik kendu zuen arte). Kataluniako prozesuagatik (procés) amnistia aplikatu dioten Generalitateko lehen kontseilari ohia da.
2017ko urriaren 1eko Kataluniako erreferendumagatik urtebeterako gaitasungabetu zuten eta 12.000 euroko isuna ezarri zioten, desobedientzia larria egotzita.
Amnistia "guztiei" aplikatzea eskatu du Serretek
Serretek Gorenaren ebazpena txalotu du, baina amnistia oraindik zain dauden "guztiei" aplikatzea eskatu du.
Ser irrati katean egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, harriduraz hartu du Gorenaren ebazpena. Azaldu duenez, ez zuen argi aplikatuko ote zioten ala ez. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak amnistiari emandako oniritziaz galdetuta, babes hori "beharrezkoa" zela nabarmendu du.