ETXEBIZITZA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Espainiako Gobernuak 2030era arte emango du babesa etxegabetzeen aurrean, eta funts putreei debekatu egingo die etxeak erostea 2028ra arte

Dekretuetako batek alokairuen kontratuak automatikoki berritzea jasoko du, eta beste batean gainerako neurriak sartuko dituzte. Ostiralean egingo da dekretuen bozketa Kongresuan, ezohiko saio batean. 

Consejo de Ministros decreto de vivienda

Espainiako Gobernuak etxebizitzari buruzko bi errege-dekretu onartu ditu astearte honetan Ministroen Kontseiluan; besteak beste, etxegabetzeen aurkako babesa 2030era arte luzatzea, denboraldiko eta logelakako alokairua arautzea, 2028ra arte funts putreei etxeak erostea debekatzea eta 2028ko abenduaren 31 baino lehen amaitzen diren kontratuak bi urtez luzatzea adostu dute.

Aipatutako puntuez gain, alokairuak automatikoki berritzeko akordio bat lortu dute, eta beste dekretu batean jaso dute.

Horixe baieztatu dute Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioko iturriek eta Isabel Rodriguez Etxebizitza eta Hiri Agenda ministroak, Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. 

Ahaleginak mereziko duela azpimarratu du Etxebizitza ministroak, azkenean "herritarren interesak eta eskubideak" defendatzen dituzten bi dekretu horiek onartzen badira. 

"Anbizio" handiko testua dela nabarmendu du, eta lau bloke nagusitan banatu du. 

Ezohiko osoko bilkura ostiralean, Kongresuan

Neurri horien garrantzia dela eta, Gobernuak Kongresuari eskatu dio ostiral honetan bertan ezohiko osoko bilkura egiteko, bi dekretuak berehala baliozkotzeko, eta Kongresuak onartua du bilkura hori egitea.

Bi dekretu, Kongresuaren onespenaren bila 

Neurriak bi dekretutan banatzea aukeretako bat zen, premiazkoenak lehenbailehen onartzeko, eta gainerako alderdien babesa lortzeko zailtasun handiagoak ekarriko dituztenei tarte gehiago emateko.

Ministroen Kontseiluaren bilera 10:30 aldera hasi da, ordubeteko atzerapenarekin, azken orduko negoziazioengatik, baina azkenean akordioa lortu dute gobernua osatzen duten bi alderdien artean. 

Sumarrek logelen alokairua arautzea eta alokairuko kontratuak automatikoki luzatzea eskatzen zuen, Sol plazako kanpaldia sustatu duen Maizterren Sindikatuak egindako bi eskari nagusiak, hain zuzen ere.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X