Kongresuko Mahaiak zigor espedientea ireki dio piperbeltz esprai potoa atera zuen PPren diputatuari
Kongresuko idazkari nagusiak datozen egunetan deituko dio Vazquezi, alegazioak aurkez ditzan. Ondoren, abokatuek txosten bat egingo dute, eta Mahaiari helaraziko diote berriro, zehatu ala ez erabaki dezan.
Kongresuko Mahaiak, PPren ezezkoarekin, erabaki du Ana Vazquez diputatuari zigor espedientea irekitzea, joan zen asteko osoko bilkuran piperbeltz esprai poto bat erakusteagatik.
Hori bai, balizko zigor bat proposatu aurretik, gobernu organoak PPko diputatuaren alegazioak entzun beharko ditu.
Francina Armengol sozialista du buru Gobernu organoak, eta PSOEk eta Sumarrek gehiengoa dute bertan. Biek ala biek iritzi diote espedientea irekitzeko nahikoa arrazoi daudela, inoiz Kongresuan gisa horretako gertakaririk jazo ez bada ere.
Kongresuko presidenteak berak behartu zuen diputatu popularra hemiziklotik ateratzera, piperbeltz espraia arma bat dela iritzita. Bere erabakia arrazoitzeko, Kongresuko Araudiaren 101. artikulura jo zuen Armengolek, horrek baitio hemiziklora armak sartzen duen diputatu oro aldi baterako kargugabetu behar dela.
Datozen egunetan entzungo dituzte Vazquezen alegazioak
Hala eta guztiz ere, behin betiko erabakia hartu baino lehen, Kongresuko Idazkaritza Nagusiak Vazquez deituko du, bere alegazioak aurkez ditzan. Ondoren, abokatuek beste txosten bat egingo dute, eta Mahaiari helaraziko diote berriro, zigortu ala ez deliberatzeko.
Zerbitzu juridikoen txostenak azpimarratzen duen lehen gauza da piperbeltz espraia, autodefentsarako erabili arren, legez, armatzat hartu behar dela, 1993ko armen araudian hori baitakar.
Kongresuko osoko bilkurak izango du azken erabakia
Nolanahi ere, zerbitzu juridikoek azpimarratu dute azken erabakia Kongresuko osoko bilkuran hartuko dutela; ateak itxita eta Vazquez bera aurrean ez dela.
Testuinguru horretan, Mahaiak uste du "gertakari oso larria" bada ere, erabakia "neurrizkoa" izan beharko dela. Alegia, denbora baterako lana eta soldata kentzea deliberatzen badute ere, horrek ez duela aurrerantzean egingo dituzten bozketetan eraginik izango.