HAUTESKUNDE OROKORRAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Sumarrek urriaren 17an aurkeztuko du Frente Amplioa eta hauteskundeetarako hautagaia

Sumar Mugimenduak, IUk, Mas Madridek eta Comunek data jarri dute ezkerreko espazio berriaren aurkezpena egiteko. Oraindik ez dute erabaki nor izango den hautagaia, eta Podemos koalizioan sartuko ote den ere argitzeke dago.

Sumarren inguruko alderdiek urriaren 17an aurkeztuko dute ofizialki Frente Amplioa, hurrengo hauteskunde orokorretan aurkezteko erabiliko duten izen berria. Hauteskundeak aurreratu edo legegintzaldia amaitu, ezkerreko espazioak prest egon nahi du edozein agertokitarako.

Erabakia igande honetan hartu dute Espainiako Gobernuaren gutxiengoko bazkidea osatzen duten alderdien eta ministroen bileran. Sumar Mugimenduak, Izquierda Unidak, Mas Madridek eta Comunek osatzen dute espazio hori. Kongresuak etxebizitzari buruzko bi lege-dekretu atzera bota ostean egin dute bilera, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea hauteskundeak aurreratzeko aukera aztertzen ari den honetan.

Etxebizitza izango da ardatzetako bat

Sumarren inguruko alderdiek azken egunotako mobilizazio jendetsuak nabarmendu dituzte, eta etxebizitza jarri dute beren egitasmo politikoaren erdigunean. Haien esanetan, "errentismoak" herrialdea "odolusten" du, eta alderdi zein erakundeek kaleko aldarria entzun behar dute. "Etxebizitzarik gabe ez dago legegintzaldirik", adierazi dute.

Frente Amplio osatzen dutenek azaldu dutenez, hauteskundeak deitu edo ez, etxebizitzaren arazoari eta herritarren eskaerei erantzuten jarraituko dute. Sánchezena da, haien arabera, hauteskundeak aurreratzeko erabakia hartzeko eskumen bakarra, eta edozein egoerari aurre egiteko prest daudela esan dute.

Gainera, ezkerreko espazio horrek bere burua gobernu aurrerakoi bat beste lau urtez osatzeko "ezinbesteko" indartzat jo du.

Hautagaia, oraindik erabakitzeke

Frente Amplioren aurkezpenarekin batera argituko dute beste zalantza nagusietako bat: nor izango den hauteskunde orokorretarako hautagaia. Yolanda Diez Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeak hautagai izateari uko egin zionetik, Sumarren inguruko espazioak lidergoa zehaztu gabe jarraitzen du. Urriaren 17an argituko dute auzia.

Azken asteotan hainbat izen agertu dira hautagaien artean. Horien artean daude Monica Garcia Osasun ministroa, Ernest Urtasun Kultura ministroa eta Pablo Bustinduy Eskubide Sozialetako ministroa. Garcia Madrilen hautagai izatea ere aztertzen ari dira, nahiz eta 2027ko Madrilgo hauteskunde autonomikoetarako Mas Madriden hautagai izendatuta dagoen. Urtasunek, berriz, Bartzelonako zerrendaburu izateko aukera izango luke.

Ada Colau Bartzelonako alkate ohiaren izena ere mahai gainean dago. Azken hilabeteotan bere presentzia politikoa handitu du, eta ezkerreko indar guztiak batzeko balio badu politikara itzultzeko prest dagoela esan du. Nolanahi ere, azpimarratu du une honetan ez dela "ezeren hautagaia".

Podemosen parte-hartzea, airean

Frente Amplioren beste auzi nagusietako bat da Podemos espazio berrian sartuko den ala ez. Sumarren eta Podemosen arteko harremana urrundu egin zen 2023an bi indarrek hauteskunde-koalizioa hautsi zutenetik, eta ordutik estrategia politiko ezberdinak izan dituzte.

Sumarrek atea zabalik utzi du Podemos eta egungo beste aliatu parlamentario batzuk egitasmo berrian sartzeko. Podemosen aldetik, berriz, Irene Monterok ezker osoaren arteko primario irekiak proposatu ditu, hautagaitzaren barruan alderdi bakoitzak izango duen pisua oinarriek erabaki dezaten.

Bien bitartean, Frente Amplio osatzen duten alderdiek beste indar batzuekin ere hitz egiten jarraituko dute. Astelehenean bilera zabalagoa egingo dute talde parlamentarioko gainerako alderdiekin, tartean Compromis, Chunta Aragonesista, Mes per Mallorca eta Partido Verde.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X