BIZKAIA BURU BATZAR
Guardar
Quitar de mi lista

Bizkaiko EAJk Elixabete Etxanobe baztertu du ezustean eta Ibone Bengoetxea proposatu du 2027rako hautagai

Etxanoberen izena agertzen zen datorren urteko foru hauteskundeetarako kiniela guztietan. Hala ere, Bizkai Buru Batzarrak Ibone Bengoetxea iragarri du hautagai, gaur arratsaldean egindako bilera baten ostean.

Elixabete Etxanobe eta Ibone Bengoetxea. Argazkia: EITB.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia ez da berriro hautagai izango 2027ko udaberrian egingo diren foru-hauteskundeetan.

Hala jakinarazi du Bizkaia Buru Batzarrak gaur arratsaldean egindako bilera baten ostean. Bilera horretan, 2023an apustua izan zen Etxanobe baztertzea erabaki dute, eta, haren ordez, Ibone Bengoetxea egungo lehen lehendakariorde eta Kultura sailburua proposatu dute hautagai.

Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia da 2023tik. Unai Rementeriaren lekukoa hartu zuen eta kargu hori bete duen lehen emakumea izan da. Legealdi bakarra eman du Bizkaiko Foru Aldundiko buru.

Ibone Bengoetxeaz gain, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente izateko hautagai Ana Otadui proposatu du BBBk.

BBBren proposamen hori oinarriek berretsi beharko dute urriaren erdialdean horretarako irekiko den barne prozesuan.

Profila

Ibone Bengoetxea bilbotarra da, eta eskarmentu handia du erakunde zein politikan. Bilboko Udaleko alkateorde izan zen Iñaki Azkunaren agintaldian; Euskadiko Udalen Elkarteko (EUDEL) presidente; Herri Administrazio eta Erakundeekiko Harremanetarako diputatu; eta, gaur egun, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea da.

1991tik dago EAJn afiliatuta, eta hainbat arlo kudeatu ditu: garraioak, kultura, hezkuntza, administrazio publikoa, harreman instituzionalak, giza baliabideak, komunikazioa, hedabide publikoak eta hizkuntza politika.

Gaur goizean, Aitor Esteban EBBko presidenteak Elixabete Etxanobek legealdian egindako lanaz hitz egin du ETB-2ko En Jake saioan. Izan ere, datorren urteko hautagaitzei galdetu diotenean, Estebanek Eider Mendozak (Gipuzkoa) eta Etxanobek egindako lana nabarmendu du. 

Publicidad
18:00 - 20:00

Te puede interesar

Cargar más
Publicidad
X