KATALUNIAKO PROZESUA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Auzitegi Gorenak amnistia aplikatu die Junqueras, Bassa, Turull eta Romevari

Auzitegi Konstituzionalak agindutakoa bete eta Kataluniako prozesuari lotutako lau buruzagi horiei erabateko amnistia aplikatu die Auzitegi Gorenak, baina "handikeriaz" jardutea leporatu dio Konstituzio Auzitegiari. 

ORIOL JUNQUERAS EPAIKETA EFE

Oriol Junqueras, Kataluniako prozesuaren aurkako epaiketan. Artxiboko argazkia: EFE

Auzitegi Gorenak amnistia legea aplikatu die Kataluniako prozesuari lotuta zigortutako lau buruzagietako lauri, Oriol Junqueras Kataluniako Generalitateko presidenteorde ohiari eta Dolors Bassa, Jordi Turull eta Raul Romeva kontseilari ohiei. Hortaz, bertan behera gelditu dira lau horien aurkako inhabilitazio zigorrak (2031ra arte Junquerasek eta Bassak, 2030era arte Turullek eta Romevak) eta hauteskundeetara aurkezteko aukera izango dute, baita kargu publikoak betetzeko ere. 

Gaur kaleratutako autoan, Auzitegi Gorenak diru publikoa bidegabe erabiltzearen delituari amnistia legea aplikatu du, Bassa kontseilari ohiari babesa eman zion Auzitegi Konstituzionalaren epaia osorik bere gain hartuz.

Atzo Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren atxilotze agindua bertan behera uzterakoan egin bezala, Zigor Aretoak “handikeriaz” jardutea leporatu dio Auzitegi Konstituzionalari. 

Halaber, gaurko Gorenaren epaiak Junqueras, Bassa, Turull eta Romevaren zigor aurrekariak ezabatzea ekarriko du, eta Espainiako Justizia Ministerioari eskatuko dio, hain zuzen ere, hori egiteko. 

Honenbestez amaituko da lau buruzagi horientzat bederatzi urtez luzatu den bide judiziala. Puigdemont, berriz, amnistia osoa aplikatzeko zain dago oraindik. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X