POLIZIA-OPERAZIOA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Auzitegi Nazionalaren esku utzi dituzte terrorismoagatik Irunen atxilotutako bi pertsonak

34 urteko gizonezkoa eta 22 urteko emakumea larunbatetik zeuden komisaldegian, euren burua bertan aurkeztu ondoren.

auzitegi nazionala

Terrorismo delituagatik Irunen (Gipuzkoa) atxilotutako bi pertsonak, ezker abertzalearen disidentziarekin lotzen dituztenak, Auzitegi Nazionalaren esku utzi dituzte jada, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

34 urteko gizonezkoa eta 22 urteko emakumea dira atxilotuak, eta Ertzaintzaren Irungo komisaldegian zeuden pasa den larunbatetik. Uneotan Madrilgo Auzitegi Nazionalera bidean dira.

Segurtasun Sailak jakinarazi zuen “aurrekari esanguratsuak” dituztela atxilotuek, baina gehiago zehaztu gabe.

Irailaren 26an hasi zen ikerketa, Eskoriatzan (Gipuzkoa) egindako kontrol batean. Agenteek hiru pertsona identifikatu zituzten segurtasun indarrei buruzko “material garrantzitsua” zeramatelako eta “armak eta lehergailuak” egon daitezkeen leku bati buruzko informazioa zutelako.

Ertzaintzak ikerketa abiatu eta Auzitegi Nazionalari eman zion kasuaren berri, terrorismo delitua egon zitekeelako.

Iragan larunbatean, ikerketapean dauden hiru pertsonetako bi Irungo komisaldegian agertu ziren, abokatu batekin batera, eta atxilotu egin zituzten. Ustezko terrorismo delitu batengatik ikertzen ari dira biak.

Deklarazioa hartu eta beharrezko izapideak beteta, Madrilera eraman dituzte Auzitegi Nazionalaren esku uzteko.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X