47. urteurrena
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Estatus berriaren eztabaida erdigunean jartzeko eskatu du Otxandianok, Gernikako Estatutua "bete gabe eta mugatuta" baitago

EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramailearen ustez, EAEk tresna juridiko eta politiko berriak behar ditu eskumen eta autogobernu gehiago izateko. Besteak beste, lanbide arteko gutxieneko soldata propioa eta gutxieneko pentsio duinak zehazteko gaitasuna aldarrikatu ditu.

Otxandiano, Estatutuaren urteurrenari buruzko hitzaldian. Argazkia: EH Bildu

Pello Otxandiano EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak estatus politiko berri baten inguruko eztabaidaren garrantzia azpimarratu du, egungoa "bete gabe eta mugatuta" dagoela iritzita. “Herri honek gaitasun demokratiko, sozial, ekonomiko eta nazional berriak behar ditu”, horren esanetan, eta eskumen gehiago galdegin ditu lanbide arteko gutxieneko soldata propioa zehazteko edo gutxieneko pentsioa ezartzeko. 

Gaur bete dira 25 urte Gernikako Estatutua erreferedum bidez onartu zutela, eta Imanol Pradales lehendakariak egin bezala, oposizioko buruak urteurrena baliatu du egungo estatutuak "muga garrantzitsuak" dituela bistaratzeko. Era berean, Otxandianok salatu duenez, "urte hauetan guztietan Espainiako Estatuak ez du Estatutua bete, eta, gainera, Eusko Jaurlaritzaren txostenek beraiek aitortzen dute egungo estatutuak agortze estrategikoa izan duela".

Horren aurrean, EH Bilduren eledunaren ustez, EAEk tresna juridiko eta politiko berriak behar ditu "herriaren ezaugarri sozioekonomikoetara egokitutako politikak garatzeko". Horren adibide aipatu ditu lanbide arteko gutxieneko soldata propioa eta gutxieneko pentsio "duinak" zehazteko gaitasuna izatea. Halaber, Otxandianok nabarmendu du beharrezkoa dela tresna berriak izatea trantsizio energetikoari erantzuteko, hezkuntza-politika berria definitzeko eta hezkuntza-sistema propioa garatzeko, migrazio-politika erabakitzeko eta etxebizitzaren merkatuan espekulazioari aurre egiteko.

EH Bilduren bozeramailearen iritziz, estatus politiko berri bat ez da politika publiko jakin batzuk garatzeko tresna juridiko hutsa. “Izan daiteke etorkizuneko itun bat, euskal gizartearentzako horizonte komunitario bat; erabakitzeko aukera, nola eta zertarako nahi dugun”, nabarmendu du.

Ildo horretan, Otxandianok "etorkizuneko proiektu partekatu bat" definitzeko beharra azpimarratu du, "herritarren ongizatea, kohesio soziala eta erabakitzeko gaitasuna ardatz hartuta".

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X