PSOEK irabaziko lituzke hauteskundeak, PPk baino 12 puntu gehiagorekin, CISen urriko inkestaren arabera
CISek aurreikusi du botoen % 34 lortuko lukeela PSOEk; %22,2 PPk; % 17,1 Voxek, eta % 6,1 Sumar/ Fronte Zabalak. Podemosek, berriz, % 3,1eko babesa izango luke. Euskal alderdien artean, EH Bildu izango litzateke lehen indarra (% 1,6); EAJk % 0,6 lortuko lituzke.
Ikerketa Soziologikoen Espainiako Zentroaren (CIS) urriko inkestak PSOE jo du garaile azaroaren 29ko Espainiako hauteskundeetan; izan ere, PPri 12 puntuko aldea aterako omen dio —irailean aurreikusitakoaren bikoitza—. Maricarmen Abascalen etxegabetzearen eta horrek etxebizitzaren aferan ekarritako soka luzearen ondotik CISek egindako lehen inkesta da aipatutakoa.
CIS inkestak aurreikusi duenez, botoen % 34 lortuko lituzke PSOEk, irailean baino hiru puntu gehiago. PPk, berriz, botoen % 22 eskuratuko lituzke, aurreko hilabetean baino 3,3 puntu gutxiago. Horiek horrela, 11,8 puntuko aldea egongo litzateke sozialisten eta popularren artean, aurrekanpaina hasi aurretik.
Vox hirugarren indarra izango litzateke, botoen % 17,1ekin (puntu erdi gehiago), eta Sumar/Fronte Zabalak hartuko luke laugarren tokia, botoen % 6,1 (lau hamarren gehiago) lortuta. Podemosek, aldiz, behera egingo luke, % 3,1eko babesarekin, urriaren 1etik 6ra egindako 5.025 galdeketetan jasotako datuetan oinarrituta.
Urriaren 7an zendu zen Maricarmen, eta bi aste lehenago, irailaren 23an, etxetik bota zuten. Horrek protesta handiak eragin zituen Estatuaren luze zabalean, eta Espainiako Gobernuak etxebizitzarekin lotutako bi dekretu aurkeztu zituen. Kongresuak, baina, ez zituen babestu, eta egoerak ataka estuan utzi zuen Espainiako presidente Pedro Sanchez. Egoerak bultzatuta, hauteskundeak deitzea erabaki zuen azkenean.
Espainiako alderdi nagusien ostean, ERC kokatu du CIS inkestak, botoen % 3 jasoko lituzke eta (puntu erdi gehiago). Atzetik egongo lirateke Se Acabo la Fiesta (botoen % 1,8), EH Bildu (botoen % 1,6), Junts (botoen % 1,1), BNG (botoen % 0,9), EAJ (botoen % 0,6), Coalicion Canaria (botoen % 0,2) eta UPN (botoen % 0,1).