Lanuzteak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Vallsen lan erreformaren aurka mobilizazioak, Ipar Euskal Herrian

Sindikatu nagusi gehienek eta ikasleen sindikatuek deitu dituzte protestak. Besteak beste, tren zerbitzu guztietan lanuzte handiak iragarri dira.
Elkarretaratzea Baionan. Artxiboko irudia: EiTB
Elkarretaratzea Baionan. Artxiboko irudia: EiTB

Frantziako lan kodearen erreformaren aurka mobilizazioak egingo dituzte gaur Ipar Euskal Herrian. Besteak beste, tren zerbitzu guztietan lanuzte handiak iragarri dira.

Sindikatu nagusi gehienek eta ikasleen sindikatuek deitu dituzte mobilizazioak. Euren esanetan, lege-proiektuaren ondorioz, asteko 35 orduko lanaldiak amaituko lirateke, orduak jaitsi egingo lirateke eta kanporatzeak erraztu egingo lirateke. Sindikatuek salatu dute Sarkozy bera ausartu ez zena egiten ari direla Hollande eta Valls.

Guztira, Manuel Vallsen Exekutibo sozialistaren lan erreforma proiektuaren aurkako hiru protesta egingo dituzte hilabete honetan.

Gaurko protesta martxoaren 31ko manifestazio handiaren eta greba orokorraren ataria da. Martxoaren 12an ere mobilizazioak egingo dituzte langileek, aste honetan eta hurrengoan izango diren aldebiko negoziazioetan Gobernuari presioa egiteko.

Zazpi sindikatuk testua atzera botatzea eskatuko dute gaur eta martxoaren 31n (CGT, FO, FSU, Solidario, UNEF, UNL eta FIDL). Bien bitartean, martxoaren 12ko protesta CFDT, CFE-CGC, CFTC, Unsa eta Fage ikasleen federazioak deitu dute. Ipar Euskal Herrian greba deia egin dutenen artean, LAB sindikatua dago. Eñaut Aramendi sindikatu abertzaleko ordezkariak Euskadi Irratian salatu duenez, "erreforma oso kaltegarria dela langileentzat".

Hala ere, euren arteko haustura dagoenik baztertu dute sindikatuek. Oraindik ofizialki aurkeztu ez duten egitasmo baten aurkako “apurkako ekintza” dela azaldu dute. Lan erreforma proiektuak martxoaren 24an onartu behar du Ministroen Kontseiluak.

Atzerapena

Hasiera batean, lege-proiektua gaur onartu behar zuten, baina babes falta ikusita, erabakia bi aste atzeratzea erabaki zuen Exekutiboak, sindikatuekin eta patronalarekin negoziatzeko denbora gehiago emateko.

Era berean, Asanblada Nazionalean eta Senatuan babes handiagoa lortu nahi du Gobernuak, apirilean eta maiatzean, hurrenez hurren.

"Gorren arteko elkarrizketa"

Baina oraingoz, Le Figaro egunkariak gaur nabarmendu duenez, “gorren arteko elkarrizketa” bat baino ez da izan. Hala, CFDT, FO eta CGTko buruzagiak proiektuaren aurka agertu ziren astelehenean, Vallsen aurrean.

Sozialisten sektore kritikoena eta sindikatuak kontra ditu Vallsen Gobernuak. Martine Aubry (sozialista kritikoa) Lan ministro ohiak 35 orduko lanaldia ezarri zuela gogorarazi beharra dago.

Gaurko lanuzteek SNCF tren konpainiako eta RATP metropoli garraioko langileen grebarekin bat egingo dute. Soldaten eta pentsioen egoera eskatuko dute SNFCko eta RATPko beharginek.

Zure interesekoa izan daiteke

BILBAO, 18/03/2026.- El secretario general de CCOO Euskadi, Santi Martínez (i), y el responsable de política lingüística, Alfonso Ríos (d), intervienen este miércoles en la rueda de prensa en la que el sindicato ha expuesto su política lingüística y las consecuencias de su defensa. EFE/ Miguel Toña
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Euskadiko CCOOk gaitzetsi du ELAk "seinalamendu kanpaina" darabilela haren kontra, eta adierazi du euskararen aldeko jarrera "integratzailea" duela

Comisiones Obrerasek salatu du sindikatuaren aurkako manifestazio kanpaina bat darabiltzatela beste sindikatuek, euskararekiko eta hizkuntza eskakizunekiko duen jarrera dela eta. Santi Martinez idazkari nagusiak, gainera, Korrikan parte hartzeko "betoa" jarri izana gaitzetsi du, eta sindikatu abertzaleak haien kontra "erakunde ultra batek egingo lukeen moduan" jokatzen ari direla uste du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X