Abiadura Handiko Trena
Gorde
Kendu nire zerrendatik

AHTren Bilboko eta Gasteizko sarreren proiektuak amaitu ditu Sustapen Ministerioak

Bilboko sarbidea diseinatzerakoan zituzten desadostasunak argitu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak.
Abiadura Handiko Trena lurpetik sartuko da Abandon. Argazkia: Irekia
Abiadura Handiko Trena lurpetik sartuko da Abandon. Argazkia: Irekia

Abiadura Handiko Trena Bilbon eta Gasteizen nola sartuko den zehazten duten proiektuak amaitutzat eman ditu Espainiako Sustapen Ministerioak, eta 2019ko martxoan onartzeko eta publiko egiteko konpromisoa hartu du.

EFE berri-agentziak zabaldu duenez, Espainiako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bana Madrilen bildu dira gaur egitasmo horiei lotutako desadostasunak argitzeko asmoz.

Ezberdintasun nabarmenak Bilboko sarbidearen harian izan dituzte. Pedro Sanchezen Gobernuak aldaketak egin nahi zituen proiektu horretan; Eusko Jaurlaritzak, ostera, PPren Gobernuarekin joan den martxoan adostu zuen egitasmoa bere horretan mantentzea exijitzen zuen.

Azkenean, Sustapen Ministerioak onartu egin du Bilborako hitzartutako proiektua bere horretan uztea.

Horrenbestez, AHT lurpetik sartuko da Abandoko geltokian, eta horretarako 6,2 kilometroko tunela egingo dute. Geltokiak bi solairu izango ditu, batean aldiriko trenak izango dira, eta bestean, ibilbide luzekoak eta abiadura handikoak.

Gaurko bilera Bilboko proiektua ixteko deitu badute ere, Eusko Jaurlaritzak AHTren Gasteizko sarbidearen egitasmoa ere jarri du mahai gainean.

Arantxa Tapia sailburuaren departamentuak jakinarazi duenez, bi administrazioek joan den irailaren 13an egindako batzar batean adostu zuten Abiadura Handiko Trena Gasteizen lurpetik sartuko dela eta egungo geltokia eraberritu egingo dutela.

Hala ere, proiektuaren xehetasunik ez dute eman. AHTren sarerra eta geltokia nolakoa izango den ahalik eta azkarren publiko egitea espero dute agintariek.

Espainiako Sustapen Ministerioak 2019ko martxoan aurkeztuko ditu Gasteizko eta Bilboko egitasmoak.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Amaia Barredo: "Eusko Jaurlaritza lanean ari da abeltzainekin hartutako epeak eta konpromisoak betetzeko"

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak aurreratu duenez, Jaurlaritzak "irailaren hasierarako" abeltzaintza-sektorearen esku jarriko ditu lehengai batzuk batera erosteko bideak, lehorteak eragindako belar eskasia dela eta. Radio Euskadin ostiral honetan egindako elkarrizketa batean, Barredok azaldu du Bazka Mahaia oraindik deituta ez dagoen arren, horrek ez duela esan nahi atzerapenak egongo direnik: "Administrazioa ez dago bileraren zain erosketa bateratua prestatzeko".

Gehiago ikusi
Publizitatea
X