Nafarroan inbertsioa % 92 handitzea eta EAEn % 7,8 jaistea aurreikusi du Sanchezek
2019ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak Diputatuen Kongresura heldu dira gaur, astelehena. Tramite honek berebiziko garrantzia du Pedro Sanchezentzat, ez onartzeak hauteskunde orokorrak aurreratzea ekar lezakeelako. Gaur gaurkoz, ez dauka kontuak onartzeko behar besteko babesik eta lehen bozketa otsailaren 13rako espero da.
Maria Jesus Montero Ogasun ministroak azaldu ditu aurrekontu proiektuaren nondik norakoak Diputatuen Kongresuan. 227.356 milioi euro biltzea aurreikusten dute kontuek, 2018an baino % 9,5 gehiago.
Inbertsioak, Euskal Herrian
Estatuko Aurrekontuen proiektuak EAErako inbertsio gastua % 7,8 jaistea aurreikusten du; 2018an 509,05 milioi bideratu ziren Gipuzkoara, Bizkaira eta Arabara, eta urte honetarako proiektuak 469,37 milioi jasotzen ditu hiru lurraldeotarako. Nafarroan, berriz, % 92 gehituko litzateke inbertsioetarako kopurua; iaz 54,44 milioi bideratu ziren Foru Erkidegora, eta lanurte honetarako 108,51 daude aurreikusita Sanchezek mahai gainean jarri dituen kontuetan.
Kopuru horien arabera, EAEk inbertsiotarako kopuru osoaren % 3,9 hartuko luke (iaz, %5), eta Foru Erkidegoak % 0,9 (iaz, %0,6).
Kataluniara, diru gehiago
Inbertsioetarako diru-poltsatik 2.051 milioi euro bideratu nahi ditu PSOEren Exekutiboak Kataluniara. Kopuru osoaren % 16,8 da hori, iaz baino % 52 gehiago (700 milioi euro gehiago).
Sanchez Aurrekontuak onartzeko babes bila dabilen honetan, nabarmen egingo du gora, beraz, Kataluniarako aurreikusitako gastuak.
Genero indarkeria
Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Itunean jasotakoa betetzeko programetara 220 milioi euro aurreikusi dira proiektuan, eta Emakumeen Instituturako 26,5 milioi euro, iaz baino % 33 gehiago.
Bestalde, lan arloan gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzeko politiketan aurreko urtean baino diru gehiago inbertitu nahi dute sozialistek. Besteak beste, aitatasun baimenak zortzi astera luzatzeko, 825 milioi euroko partida jarriko dute.
Gastu soziala
Aurrekontu proiektuaren arabera, gastu sozialera 209.510 milioi euro bideratuko dira, Aurrekontuen % 57,3. Halaber, 2018an baino 12.599 milioi euro gehiago izango dira gastu sozialerako. 100 eurotik 42,1 pentsioetara bideratuko dira.
Gastu sozialeko igoera 2009tik egindako handiena da, Ogasunaren arabera. Horren arabera, pentsio orokorrak % 1,6 igoko dira eta % 3, ostera, gutxieneko pentsioak eta kotizazio gabeko pentsioak. Halaber, errenta baxuenak dituzten pentsiodunei botiken koordainketa kenduko zaie.
Estatuak 15.164 milioi euroko ekarpena egingo dio Gizarte Segurantzari, pentsioak ordaintzen jarraitu ahal izateko. 2018an ere ekarpen bera egin zion.
Dependentzia alorrean ere igoerak izango dira. Zehazki, "Autonomia Persona" eta "Atencion a la Dependencia" programetan 831 milioi euroko hazkundea izango da.
"Pertsonak erdigunean jarriko dituzte" Aurrekontuek, "errenta erdiak eta baxuak babesten dituzten" neurriekin eta 20.962 milioi euroko igoerarekin oinarrizko zerbitzu publikoetan.
Defizit publikoa BPGren % 1,3ra heltzeko konpromisoa dute, gainera.
Bestalde, Gobernu sozialistak areagotu egin ditu Kataluniarako aurreikusitako inbertsioak. Iazko kontuekin alderatuta, % 3,5ekoa izango da igoera.
Beharrezko babesen bila
Nazionalistek Estatuko Aurrekontu Orokorrak babestuko dituztela ziurtzat ez jotzeko aholkatu dio Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak Pedro Sanchezen Gobernuari. Are, Estebanek ez du baztertzen aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa aurkeztea, eta lehenengo bozketan Espainiako Gobernuaren egitasmoa atzera botatzea.
EH Bilduk ohartarazi duenez ere, ez dio Pedro Sanchezen Gobernuari "txeke zuririk" emango 2019ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak aurrera ateratzeko. Gobernu sozialistak koalizio subiranistaren laguntza lortu nahi badu, "hitz egitera eseri eta dirua zertarako nahi duen esan beharko digu".
ERCko parlamentari Joan Tardak azpimarratu duenez, Gobernuak zerbait erakutsi behar du, keinuren bat egin behar du ikuspuntu juridikotik zein politikotik. PDeCATek, gainera, autodeterminazioaren eskubidea onartzea eskatzen du aldeko bozka emateko.
Aurrekontuen tramitean hiru momentu garrantzitsu izango dira: osoko zuzenketen eztabaida (otsailaren 11ko astean), zuzenketa partzialen eztabaida Aurrekontuen Batzordean (martxoaren hasieran) eta bozketa Kongresuan (martxoaren erdialdean edo amaieran).
Kongresuan onartzen badituzte, apirilean helduko dira Senatura. Bertan, PPk atzera botako ditu, baina, gero, beto hori altxatzeko ahalmena dauka Kongresuak.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskadiko Lan Ikuskaritzak lege iruzurrez egindako 42-47 behin-behineko kontratu atzeman ditu Tubos Reunidosen
Langileen batzordeak bilera izan du goizean Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzako ordezkariekin, Gasteizen, eta batzarrak iraun duen bitartean, dozenaka langilek protesta egin dute atarian.
Erregaien krisiak arrantza-sektorea astindu du: lehen ontziak geldirik, Ondarroan
Gasolioaren garestitzeak alturako flotaren zati bat portuan egotera behartu du. Bitartean, sektoreak bideragarritasuna bermatzeko laguntza gehiago eskatzen ditu.
Behargin bat hil da Goiaingo industrialdean, lan-istripuz
Ezbeharra 20:00ak aldera gertatu da, eta bertaratu diren larrialdi-zerbitzuek ezin izan dute langilea suspertu.
Osasun Ministerioak bi bilera egingo ditu aste honetan, medikuen grebari buruz hitz egiteko
Ostegunean greba batzordearekin bilduko da, mobilizazioak eragin dituzten gatazka-puntuak aztertzeko. Ondoren, ostiralean, egoeraren berri emango die autonomia-erkidegoei Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluan.
Tubos Reunidosek enplegu-erregulazioko espedientea aurkeztu du, eta 285 kaleratze iragarri
200 langile baino gehiago (152, Amurrion, eta 53, Trapagaranen) hitzartutako kaleratzeen bidez egotziko dituzte. Aldi baterako kontratudun langileak (80 bat), ordea, hilaren amaieran kaleratuko dituzte.
Tubos Reunidos onbideratzeko aukera txikiena ere esploratzeko eskatu dio Otxandianok Jaurlaritzari, enpleguaren aldeko konpromisoari azkenera arte eusteko
Pello Otxandiano EH Bilduren bozeramaileak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, gaur bertan ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen idazkari nagusiekin harremanetan jarriko da hizkuntza eskakizunen aferari irtenbidea emateko EH Bilduk planteatzen duen proposamen zehatza aurkezteko; EAJk eta PSE-EEk mahai gainean daukate dagoeneko.
Osasun mentala eta itxaron-zerrendak, Nafarroako lan-absentismoaren gorakadaren gakoak
Langileen % 67k ez zuen bajarik izan 2025ean, baina talde txiki batek biltzen ditu absentzia-egun gehienak, Absentismo Barometroaren arabera.
Esportazioak eta inportazioak % 4,5 eta % 6,1 murriztu dira, hurrenez hurren, urtarrilean Euskadin
2026ko lehenengo hilabeteko saldo komertziala positiboa izan da, 113,2 milioi eurokoa, eta esportazioen eta inportazioen arteko harremana neurtzen duen indizea % 105,5ekoa izan da.
Brenta % 13 jaitsi da, kolpetik, Trumpek Irango erasoak etengo dituela iragartzearekin bat; 100 dolar ingurura itzuli da gero
Trumpen iragarpena islatu egin da Ibex 35ean, saio erdian lehengoratu eta % 1,08 igo da, 16.893,9 punturaino.
Confebask ez da joango ELAk eta LABek gutxieneko soldata propioa negoziatzeko biharko deitutako bilerara
Patronalak argudiatu du EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuela afera hori negoziatzea "legez kanpokoa" zela. Batzarra bihar, M17ko greba orokorra egin zenetik astebetera, egin asmo zuten bi sindikatu abertzaleek. Hain justu, Confebasken ezezkoa "probokaziotzat" jo dute biek ala biek, eta Jaurlaritzari "ekidistantziak bilatzeari" uzteko eskatu diote. Azken horrek elkarrizketarako deia egin die bi aldeei.