Balantzea
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Tubacexek 7,2 milioi euro irabazi ditu irailera arte, iaz baino % 41,7 gutxiago

Enpresaren arabera, eskaerak "hazten ari dira hilero", eta azken urteetako batezbestekoa baino % 40 gehiago dira.
Irailera arteko balantzearen berri eman du Tubacexek. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Irailera arteko balantzearen berri eman du Tubacexek. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Tubacex konpainia arabarrak 7,2 milioi euroko irabazia lortu du 2019ko lehen bederatzi hilabeteetan, 2018ko aldi berean baino % 41,7 gutxiago. Horrez gain, 476,3 milioi euroko salmentak izan ditu, iaz baino % 8,4 gutxiago, enpresak jakinarazi duenez.

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren zigorren beldur, Iranekin zuen eskaera bat bertan behera utzi zuen; burutu izan balu, salmentek % 40 egingo zuten gora.

Soldadurarik gabeko altzairu herdoilgaitzeko hodiak egiten dituen konpainiak adierazi duenez, eskaerak "hazten ari dira hilero", eta azken urteetako batezbestekoa baino % 40 gehiago dira. Enpresak zehaztu du proiektu handiak negoziatzen ari dela, epe laburrean burutzeko asmoz, eta horrek "eskaera zerrenda historikoa" ekarriko duela gaineratu du.

Konpainia arabarrak nabarmendu du merkatuaren "pixkanakako susperraldia" taldearen salmentetan islatzen ari dela. Horrela, urtarrila eta iraila bitartean 476,3 milioi euroko salmentak egin ditu, eta Ebitda edo interes, zerga, balio-galera eta amortizazioen aurreko irabazia 46,2 milioi eurokoa izan da, % 9,7ko marjinarekin.

Asia da Tubacexen merkatu nagusia, horren salmenten % 45 harako baitira, eta hazkunde-aurreikuspenek "altuak izaten jarraitzen dute" bertan.

Zure interesekoa izan daiteke

teknikariak protesta gasteiz
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ikuskizunetako teknikarien grebaren deitzaileak pozik agertu dira, lanuzteak izan duen jarraipenarekin

Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen lehen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta patronalari eskatu diote elkarrizketei berriro ekiteko, urtebete baitaramate blokeatuta. Behineko kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea, jaiegunetan zein gaueko ordutegian lan egiteagatiko plusik ez jasotzea edota lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak izatea salatzen dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X