Sindikatuek "ikasgeletara itzulera seguru eta adostu" bat eskatu dute kaleetan
Milaka pertsona kalera atera dira gaur EAEko hiriburuetan "ikasgeletara itzulera seguru, aurrez aurreko eta adostu" bat eskatzeko, hezkuntzako sindikatu guztiek (ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT) deitutako grebaren harira. Lehen balorazio batean, jarraipena % 65ekoa izan dela adierazi dute sindikatu deitzaileek. Hezkuntza Sailak ere aurreneko datua eman du: ikastetxe publikoen % 89k emandako datuen arabera, langileriaren % 41,9k egin du bat greba deialdiarekin.
EAEko unibertsitatetik kanpoko 372.000 ikasleri eragin die grebak. 40.000 langile dituzten 1.200 hezkuntza ikastetxe publiko zein itunpeko egon dira parte hartzera deituta.
Deialdiari hezkuntza alorrean azpikontratatuta lan egiten duten beharginak batu zaizkie. Hau da, jangeletako, garbiketako eta eskola garraioko 10.000 bat langile.
Grebaren baitan, Bilbon, Donostian eta Gasteizen manifestazioak deitu dituzte sindikatuek, eta irakasleak ez ezik, familiak eta ikasleak ere bildu dira.
"Jarraipena oso zabala izan da", sindikatuen esanetan
Sindikatuek euren webguneetan jaso dutenez, grebaren jarraipena % 70ekoa izan da langileen artean. "Gobernuak greba eta mobilizazioak oztopatzen saiatu arren, lanuzteak babes zabala izan du", esan dute.
Hiru hiriburuetan egindako manifestazioetan izandako parte-hartzea "oso nabarmena" izan da: 8.000 lagun izan dira Bilboko kaleetan; 5.000, Gasteizen; eta 4.000, Donostian, sindikatuen arabera. Manifestazioekin bat egin dute, halaber, ikastetxeetako guraso-elkarteek eta ikasleen mugimenduek.
Gauzak horrela, sektoreko sindikatu guztiek Hezkuntza Sailari eskatzen diote "behingoz bere gain har dezala egoerak eskatzen duen erantzukizuna, eta abian jar ditzala aurrez aurreko ikastaro segurua eta adostua bermatzeko neurriak, bai eta osasuna eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko baliabideak ere". Bestela, mobilizazioekin aurrera jarraituko dutela aurreratu dute.
Sektoreko sindikatu guztiek eskatzen dute ratioak jaistea eta plantillak handitzea langile-talde guztietan (garbiketako langileak, sukaldariak, 0-3 haur-hezitzaileak, behar bereziei erantzuteko espezialistak, jantokietako eta garraioetako monitoreak eta irakasleak); ikastetxeei Norberaren Babeserako Ekipamenduak ematea, protokoloak jasotzen duen bezala, bereziki laguntzako espezialisten kasuan; geletan pertsonako 3m2 eta 1,5 metroko distantzia egotea, geletan gehienez ere 10-15 ikasle egonik, 0-3 zikloan talde txikiagoak ahalbidetuz.
Halaber, hainbat neurri eta baliabide eskatzen dituzte, hala teknologia-arraila nola euskararena murrizteko; jantoki-zerbitzua ikasle guztientzat bermatzea; curriculuma egokitzea eta murriztea, ikasleen behar emozionalak ere kontuan hartzea; kalteberatasun- eta sentikortasun-egoeran dauden langileak babesteko neurriak eta kontziliaziorako baimen ordaindua ezartzea.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ohar batean azaldu duenez, orain arte sare publikoko ikastetxeen % 89k helarazi dizkio parte hartze datuak. Hala, datu horiek eskuan, 8.203 irakaslek egin dute bat grebarekin (orotara 19.553 irakasleren gaineko informazioa jaso da, sare publikoko 23.000 irakasle ingururen artetik). Parte hartzea une honetan aztertutako ikastetxe publikoetako irakasleen artean % 41,9an kokatzen da.
Dena dela, gobernu bileraren ondoko prentsaurrekoan Bingen Zupiria bozeramaileak azaldu duenez, Jaurlaritzak ez du jarraipenaren inguruko "zifra gerran" sartu nahi.
Zupiriaren hitzetan, Jaurlaritzak "bat egiten du hezkuntza alorreko profesionalek duten kezkarekin". Hori horrela, hitz eman du Jaurlaritzak "hezkuntza eskubidea, eta ahal den heinean aurrez aurrekoa, bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak" hartuko dituela.
Ohartarazi duenez, "egoera oso konplikatua da. Aurrez aurreko hezkuntzaren alde egin dugu, eta argi izan behar dugu maratoi bat izango dela". Dena den, erantsi du "autokritika uneoro" egin behar duela gobernuak.
Ezberdintasuna ikastetxeen artean
Eskola batzuetan, deialdiak jarraipen zabala izan du lehen orduetan, eta beste batzuetan normaltasuna izan da nagusi. Donostiako Aldapeta Maria ikastetxean, adibidez, ikasleek ohiko eskola eguna dute gaurkoa. Hala, greba egiteko arrazoiak egon daitezkeen arren, testuingurua ez dela egokia esan du Itziar Iturrioz ikastetxe horretako zuzendaritza taldeko kideak Euskadi Irratian.
Gasteizko Ekialdea institutuan, berriz, irakasleen bi herenek egin dute bat grebarekin, Pello Salazar zuzendariak jakinarazi duenez. Halaber, aurreikusitakoa baino ikasle gutxiago joan dira ikastetxera, eta horietako batzuek etxera itzultzea erabaki dute egoera ikustean.
Bilbon, Txurdinagako Kirikiño ikastolan ere Lehen Hezkuntzako guraso batzuek ez dituzte seme-alabak eskolara eraman, eta grebaren eragina Lehen Hezkuntzan nabaritu da gehien.
Atxuriko eskolan, grebak jarraipen zabala izan du goizean. Irakasle gehienek (% 90) greba deialdiarekin bat egin dute, eta ikastetxe atarian ohar bidez jakinarazi dute gaur ez dela eskola zerbitzurik egongo. Garazi Pizarro bertako irakasleak azaldu duenez, ikasleak babesteko sortutako "burbuila taldeak" gaur ezin direla bermatu azaldu diete gurasoei. Hori dela eta, gaur kudeaketa lanetarako bakarrik egongo da irekita ikastetxea, ezin baitute arreta egokia bermatu.
CONTENIDO NO ENCONTRADO
Loiuko Lauro ikastolan, aldiz, normaltasuna izan da nagusi, eta autobus ugari iritsi dira lehen orduan.
CONTENIDO NO ENCONTRADO
Ikastolak eta Kristau Eskola
Sare publikoko langileena izan da babes handiena; ikastetxe pribatuetan eta itunpekoetan, berriz, eragina txikiagoa izan da, eta ikasle askok gaur egungo pandemia garaiek ezartzen duten "normaltasunez" jaso dituzte eskolak, maskara, hidrogel eta ikasleen arteko distantzien artean.
Kristau Eskola itunpeko eskolen patronalaren arabera, bere zentroetan jarraipena % 2koa izan da.
Ikastoletan, sektoreko iturrien arabera, eragina handiagoa izan da, eta azpikontratetan, nahiko altua.
Desadostasunak
Langileen ordezkariek asteak daramatzate Cristina Uriarte Hezkuntza sailburu ohiaren kudeaketa kritikatzen eta salatu dute azken hilabeteetan bilerarik izan ez dutela.
Kargua hartu berritan, greba bertan behera uzteko saiakeran, bilera izan zuen Jokin Bildarratzek sindikatu eta hezkuntza komunitateko agenteekin. Bilerak bilera, greba deialdiari eutsi zioten sindikatuek Hezkuntza sailburuak "eduki" zehatzak mahai gainean jarri ez zituelako. Hezkuntza sailburuak, bere aldetik, ohartarazi zuen grebak ez duela laguntzen eta "ahulezia" handiagoa pairatzen duten ikasleei egingo diela kalte bereziki. Horregatik, "elkarrizketarako prest" dagoela berretsi zuen, aurrez aurreko irakaskuntza-jarduera berrabiarazteko aplikatu behar diren neurriei buruzko akordioa lortzen saiatzeko.
Ildo horretan, joan den ostiralean Hezkuntza sailburuak emandako datuen arabera, EAEko 30 bat ikastetxek dute koronabirus kasuren bat erregistratuta langileen edo ikasleen artean, baina orain arte horietako lau baino ez dituzte itxi.
Iñigo Urkullu lehendakariak "justifikaziorik gabekotzat" jo zuen atzo greba, eta adierazi zuen lanuzte horren helburua ez dela "esaten dena", baizik eta atzean "kritika politikoa" egiteko eta Eusko Jaurlaritza berriaren aurrean "tentsioa" bilatzeko asmoa dagoela; horregatik, jarrera aldatzea eskatu zuen, lan komun bat egiteko. Astelehen honetan bertan, EHUren ikasturte akademikoa irekitzeko ekitaldian, Urkulluk dei egin die sindikatuei, berriro, greba eguna bertan behera utz dezaten, "elkar laguntzeko eta eraikitzeko unea delako, ez borrokatzekoa eta zatitzekoa".
Zure interesekoa izan daiteke
Ikuskizunetako teknikarien grebaren deitzaileak pozik agertu dira lanuzteak izan duen jarraipenarekin
Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen lehen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta patronalari eskatu diote elkarrizketei berriro ekiteko, urtebete baitaramate blokeatuta. Aldi baterako kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea, jaiegunetan zein gaueko ordutegian plusik ez jasotzea eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak dituztela salatzen dute.
Langabeziak gora egin du uztailean Euskadin eta Nafarroan: 1.378 eta 534 langabe gehiago dago, hurrenez hurren
Euskadin uztailean 105.590 enplegu-eskatzaile egon dira, ekainean baino 1.378 gehiago. Nafarroan, berriz, 534 langabe gehiago izan dira, 28.843. Eusko Jaurlaritzaren arabera, datu hori hainbat langile lan-merkatuan sartzearekin lotuta dago.
Bizkaiko Golkoa eta Frantzia lotuko dituen goi tentsioko linearako kablea jartzen hasi dira, Lemoiz parean
Bizkaiko Golkoaren eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikoa gertuago dago. Goi tentsioko linea honek Gatika eta Bordeletik gertu dagoen Cubnezais batuko ditu eta 276 kilometroko tartea egingo du ur azpian. Ekosistemari kalterik egingo ez zaiola ziurtatzeko, Aztik gainbegiratuko ditu lanak.
Ikuskizunetako teknikariek "enpatia" eskatu diete artistei hiriburuetako jaietan deitutako greban
EAEko lehen lan-hitzarmena negoziatzen ari diren sindikatuek lanuzteak deitu dituzte abuztuaren 5, 14 eta 26rako, lan-hobekuntzak eskatzeko eta patronalari negoziazioei berriro ekiteko eskatzeko.
Euriborrak % 2,855ean itxi du uztaila, mailarik altuena 2024ko irailetik
Ekainarekin alderatuta, tasa oinarrizko 6 puntu igo da.
Euroguneko inflazioa % 2,9an kokatu da uztailean, hamarren bat igota
Eurostatek argitaratu berri duen urte arteko tasa % 3,8koa da Espainian, ekainekoa baino bi hamarren handiagoa, eta % 2,4koa Frantzian, joan den hilean baino lau hamarren handiagoa. Energiaren esparruan igo da gehien inflazioa.
Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek greba ziklo bati ekin diote, lan-baldintzak hobetzeko asmoz
Lehenengo lanuztea ostegunean hasi zen, 22:00etan, eta igandean amaituko da. Mobilizazioen artean, gaur elkarretaratzea egin dute AP-8 autobidearen Oiartzungo gasolindegian.
Gasolina eta gasolioa 6 zentimo baino gehiago garestitu dira litroko, Hidrokarburoen Zerga Bereziaren igoeraren ondorioz
Batez beste, gasolina depositua betetzeak duela urtebete baino 8,5 euro gehiago balio du, eta gasolio deposituak ia 16 euro gehiago, abuztuko irteera-operazio betean.
38 urteko langile bat oso larri zauritu da Alesbeseko kontserba-enpresa batean izandako istripuan
Foru Gobernuak zabaldutako oharraren arabera, langileari ur irakina erori zaio gainera, eta erredurak ditu gorputzaren % 80an.
Bazka erosketa bateratua aztertuko du Euskadik, lehorteak eragindako larre-eskasia dela eta
ENBA sindikatuaren eta UAGA Arabako nekazarien elkartearen ordezkariak Eusko Jaurlaritzarekin bildu dira Lakuan, beroak eta euri faltak lehen sektorean eragindako kalteak aztertzeko.