EH Bilduk Euskaltelen salmentaren inguruko azalpenak eskatu dizkio Urkulluri
EH Bilduk Euskaltelen salmentari buruzko azalpenak eskatu dizkio Iñigo Urkullu lehendakariari. Koalizioaren arabera, MasMovilek Euskaltelen erostea "oso berri txarra da gure ekonomikoarentzat", baita politikaren eta teknologiaren ikuspuntutik ere.
Iker Casanova legebiltzarkideak esan duenez, berri "garrantzitsua eta negatiboa" izanik, "deigarria" da orain arte Urkulluk salmentari buruzko adierazpenik ez egitea. EAJk eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileek iritzia eman dutela onartu du koalizioak, "baina erkidego honen instituzio gorena den lehendakariaren ahotik oraindik ez dugu ezer entzun".
Horregatik, Urkullu "ezkutatuta" dagoela ematen duela uste du EH Bilduk, eta "aurpegia emateko eta azalpenak emateko" deia egin dio.
Euskaltel "enpresa independente moduan desagertzea oso berri txarra da" koalizioarentzat, eta "gure herriarentzat atzerapauso nabarmena" dela salatu du. Casanovak azaldu duenez, Urkulluk ez badu aste honetan gaia aipatzen, "interpelazio bati erantzun beharko dio" Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, ostiralean.
"Jaurlaritzak egindako kudeaketak eta interbentzio guztiak argitu egin behar dira, horiek ezagutzeko eskubidea daukalako iritzi publikoak", esan du Casanovak.