Lan-gatazka
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Zerbitzu minimoak % 100ekoak izango dira covid-arekin lotutako guztian hilaren 22an

Ospitaleetan larunbateko ohiko langileak egongo dira. Sindikatuek dagoeneko iragarri dute “inoizko zerbitzu minimo altuenak” diren horien aurkako helegitea.
Galdakaoko Ospitaleko ZIUa. Argazkia: Efe
Galdakaoko Ospitaleko ZIUa. Argazkia: Efe

Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailak % 100eko zerbitzu minimoak ezarri ditu Osakidetzan covid-19arekin lotutako zereginetan (probak egiten, arakatzaile sarea, txertaketa eta herritarren informazioa) ostegun honetarako sektore publikoan deituta dagoen greban.

ELAk, LABek, CCOOk, Satsek, Steilasek eta ESK-k egun osoko greba deitu dute EAEko sektore publiko osoan (Interinok Taldeak ez du bat egin), behin behineko lanpostuen egonkortasuna edo kontsolidazioa eskatzeko.

Lan eta Enplegu Sailak kaleratutako zerbitzu minimoen aginduan agertzen denez, covid-19a atzemateko probak egiten dituzten langileen % 100ak lan egin beharko du greba egunean, eta berdin gertatzen da arakatzaile sarearekin, txertaketa taldeekin eta "kutsatzeen aurrean herritarrei informazioa eta arreta eskaintzen dieten" langileen kasuan.

Gainera, Osakidetzako larrialdi zerbitzuetako eta Etengabeko Arretako Puntuetako langile guztiek lan egin beharko dute, baita telefono zentralitetako eta garbiketako erdiak ere. Ospitaleetan eta Lehenengo Arretan larunbateko ohiko langile kopurua egongo da.

Hezkuntzan, zentroetako covid-19 koordinatzaileak egon beharko du, eta zuzendaritzako kide batek eta beste langile batek egon beharko dute sarbideak kontrolatzeko (haur-eskoletan eta udal haurtzaindegietan pertsona bakarra egon beharko da horretarako).

Gainera, hezkuntza etapa bakoitzean irakasle batek egon beharko du, baina 100dik gora ikasle dituzten haur-eskoletan, haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzan bi irakasle gehiagok egon beharko dute.

Garraio publikoan % 30a bermatuko da, eta lehentasuna emango diete alternatibarik ez dutenei edo osasun zentroetara doazenei, lantokietako sarrera-irteera orduekin batera.

Larrialdi zerbitzuetan eta errepideko segurtasunean SOS-Deiakeko % 100ak lan egingo du, eta suhiltzaile, errepideko mantentze lanetako eta trafiko kudeaketako beharginen kasuan jai eguneko zerbitzua eskainiko da.

Adinekoen egoitzetan, etxebizitza komunitarioetan, hezkuntza bereziko zentroetan eta mendekotasuna duten pertsonentzako zerbitzuetan "gutxienekoa" egin beharko da, hau da, ohetik altxatzen edo oheratzen lagunduko da, eta oinarrizko higienea, elikadura eta sendagaiak emango dira. Zentro horietan, sukaldeko langileen erdiak joan beharko du, eta garbiketako langile guztiek.

Sindikatuen helegitea

Protesta deitu duten sindikatuek salatu dute zerbitzu minimoak "erabat gehiegizkoak" direla, "milaka langile grebarako oinarrizko eskubiderik gabe" utzi dituztela, eta iragarri dute helegitea jarriko dutela "greba eskubidearen urraketa argia" delakoan.

Sindikatuek ohar batean gogorarazi dutenez, haien aldarrikapen nagusiak "zerbitzu publikoen defentsa, enplegu publikoaren sorkuntza eta behin-behineko langileen kontsolidazioa" dira.

Eusko Jaurlaritzaren aginduaren aurrean, sindikatuek salatu dute "deigarria" dela "pandemiaren garaian, birusa aitzakia izatea % 100eko zerbitzu minimoak ezartzeko, hain justu osasun egoera larriari aurre egiteko esfortzu nahikoa egin ez den arlo eta zerbitzuetan".

"Are gehiago, kasu askotan ezarritako zerbitzu minimoak egunerokoan dauden langileak baino gehiago dira", ziurtatu dute.

Sindikatuek adierazi dutenez, "sekula ezarritako zerbitzu minimo altuenak" dira Hezkuntzan, eta sektore horretan ere "ez da osasun publikoa bermatzeko neurri eta baliabide nahikorik jarri".

Zure interesekoa izan daiteke

Mitxel Lakuntza ELA
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Gizartea greba orokorraren aldarriarekin "bat" datorrela eta langileen babesa duela adierazi du Mitxel Lakuntzak

Mitxel Lakuntza ELAren idazkari nagusiak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, sindikatuek grebara jotzeko premia izan dute Eusko Legebiltzarrak legegintzarako herri-ekimena geldiarazi duelako eta Confebask patronalak negoziaziori uko egin diolako. Halaber, Nafarroan gutxieneko soldata propioa negoziatzeko aukera egon daitekeela uste du Lakuntzak. 

Trabajadores de la plantilla de Tubos Reunidos durante una concentración, frente a la sede del Gobierno Vasco, a 13 de febrero de 2026, en Vitoria, Álava, País Vasco (España). La concentración ha sido convocada por el comité de empresa de Tubos Reunidos Amurrio contra el ERE planteado por la dirección.



Iñaki Berasaluce / Europa Press

13/2/2026
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

ELAren arabera, Trapagarango Tubos Reunidoseko delegatuek "jada ez dute sindikatua ordezkatzen"

Amurrioko eta Trapagarango lantegietan ordezkaritza duten sindikatuek erreakzio ezberdinak izan dituzte enplegu-erregulazoko espedientea atzera bota ondoren. ELA eta LAB langileekin harro agertu dira, eta borrokan jarraitzen dutela adierazi dute, "enplegua defendatuz". CCOO sindikatuaren hitzetan, "ziurgabetasuna" zabaldu da, eta UGTren esanetan, berriz, euren delegatuek "era kontsekuentean" jokatu dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X