Euskadik eta Nafarroak esne ekoizpenerako etxaldeak "modernizatu eta jasangarri egingo" dituzte
Euskadik, Nafarroak, Kantabriak eta Kataluniak, abeltzain kooperatiba nagusien bidez eta gobernuen babesarekin, proiektu bateratu bat jarri dute martxan, esne ekoizpenerako etxaldeak "modernizatu eta jasangarri egiteko" helburuarekin.
2026ra arte 100 milioi euro baino gehiago inbertituko dituzte. Kaiku (Euskadi eta Nafarroa), Llet Nostra (Katalunia) eta AGC Agrocantabria abeltzain kooperatibek 600 etxalde baino gehiago biltzen dituzte. Iparlat eta Lactics Masachs esne industriek, Neiker, AZTI, INTIA eta IRTA zentro teknologikoek, Hegoaldeko lau kudeaketa zentrok eta CIFAk (Kantabria) proiektuarekin bat egin dute.
Karrantzako etxalde batean aurkeztu dute ekimena. Arantxa Tapia sailburua (Euskadi) eta Itziar Gomez Lopez (Nafarroa), Teresa Jorda i Roura (Katalunia) eta Guillermo Blanco (Kantabria) kontseilariak bertan izan dira.
Ekimenak haragi ekoizpenerako etxalde erraldoien polemikarekin zerikusirik ez duela adierazi du Tapiak.
"Familia ganadutegien aldeko apustua ez da gaurkoa, ez da eztabaida berri bat, aspaldi lantzen ari garen eredua da, beti egin izan duguna", ziurtatu du sailburuak.
"Familien" abeltzaintza laguntzeko kontsumitzaileen inplikazioa eskatu du Tapiak, salneurriak alderatzerakoan etxaldeetan "nola lan egiten den" kontuan hartuz.
Isuriak, ur kontsumoa eta hondakinak murriztea
2027an ekoizpen prozesuko isurien % 60 murriztea nahi dute egitasmoarekin, NetZero 2050 konpromisoa betez, baita ur kontsumoa % 45 eta sortutako hondakinak % 50 baino gehiago murriztea ere, ekonomia zirkularrari bultzada emateko.
Aldi berean, 603 familia etxalde eta kooperatiben jasangarritasun ekonomiko eta soziala hobetu nahi du ekimenak. Urtean 337 litro esne baino gehiago ekoizten dituzte.
Era berean, proiektuak sektorearen eraldaketa digitalari helduko dio, azpiegitura teknologiko, automatizazio eta inteligentzia artifizialeko aplikazioen bidez. Ekoizpenaren eraginkortasuna eta egitura guztien errentagarritasuna hobetzeko xedea dute jasangarritasunaren alde.
Valentin Novales Kaikuko presidenteak azaldu duenez, "asmo handiko" proiektu "zailean" urtebete baino gehiago eman dute lanean. Orain Europar Batasuneko funtsak lortu nahi dituzte, baita erkidegoen finantziazioa ere.
Zure interesekoa izan daiteke
Azaroaren 11, etxebizitza eskubidearen aldeko Estatu mailako greba orokorra egiteko aukeratutako data
Taxilariek legea betetzea eta ibilgailu gidaridunen gaineko kontrola handitzea eskatu dute
Medikuek urriaren 28ko greba mugagabea atzeratu egin dute, hauteskunde deialdia dela eta
Etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorra: deialdi bat edo bi izango dira Hego Euskal Herrian?
ELA eta LAB, etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrerako bidean
LAB etxebizitzaren inguruko greba orokorraren alde agertu da, eta beste sindikatuekin batera prestatzen ari dela esan du
Ekonomia % 2,2 haziko da Euskadin aurten eta % 1,9 datorren urtean
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako