LAB etxebizitzaren inguruko greba orokorraren alde agertu da, eta beste sindikatuekin batera prestatzen ari dela esan du
Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa, Bilbon, asteburuan. Argazkia: EFE
LAB etxebizitzaren arazoek piztutako greba orokorrerako deialdia adosteko lanean ari da, beste sindikatuekin eta eragile sozialekin batera. Deialdi hori “Euskal Herritik Euskal Herrirako” egingo litzateke, sindikatuaren arabera. Etxebizitza merkatuko errentismoaren eta espekulazioaren kontra zein soldata duinen aldeko borrokarako “sindikatuak eskura dituen bitarteko guztiak” erabiltzeko prest agertu da. Era horretan erantzun dio LABek Espainian greba orokorra deitzeko sortu den aukerari.
Etxebizitza lehen mailako kezka soziala bihurtu da, eta etxebizitza eskubidearen alde "maizterrak antolatzen" eta ekintza sindikala egiten hasi dela azaldu du LABek. Hori langile borrokarekin lotu du sindikatuak. “Langile guztioi eragiten digu, eta etxebizitzaren prezioen garestitzea eta espekulazioa langileak pobretzeko eta langileen arteko arrakaletan sakontzeko arrazoi nagusietako bat da”, azaldu du.
Espainia mailan bezala, Hego Euskal Herrian ere greba orokorrerako aukera ikusten du LABek. Udaberrian gutxieneko soldata propioaren aldeko greba egin zen bezala, etxebizitzan ere “sindikalismo eraldatzailea” egitea beharrezkoa dela uste du.
Ohar batean azaldu duenez, etxebizitza eskubidearen aldeko borroka “agenda erreakzionarioari aurre egiteko borroka nagusietako bat” bilakatu da, langileak pobretzeko eta prekarizatzeko elementu nagusietako bat baita. Hain zuzen, LABen iritziz, “politika birbanatzaileak aldarrikatzea” da eskuin muturrari “ateak ixteko” biderik onena.
Zentzu horretan, Espainiako Gobernuak bezala, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere ardura dutela azpimarratu du. Horregatik, lau aldarrikapen plazaratu ditu “Madrilen posible ez diren aldaketak” Euskal Herrian egiteko: alokairu mugagabeak ezarri eta prezioak jaisteko esku hartzea; etxegabetze guztiak gelditzea; funts putreen esku dauden etxebizitzak berreskuratzea, eta errentismoa elikatzen duten politika publikoekin amaitzea, fiskalitate progresiboa ezartzea eta parke publikoa indartzea.
Era berean, EAJri exijitu dio “Madrilen zein Euskal Herrian langileei bizkarra ematen dioten politikak ezartzeari uko egiteko”. Izan ere, sindikatuaren arabera, jeltzaleek Madrilen higiezinen patronalaren eta espekulatzaileen interesak defendatu ditu, eta Hego Euskal Herrian etxebizitza eskubideari eta gutxieneko soldata propioari bizkarra eman die.
Zure interesekoa izan daiteke
ELA eta LAB, etxebizitzaren aldeko greba orokorrerako bidean
Ekonomia % 2,2 haziko da Euskadin aurten eta % 1,9 datorren urtean
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako