EAEko kontu publikoek beharrei aurre egin ahalko dietela uste du Azpiazuk, "zalantzarik gabe"
Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak esan du Euskal Autonomia Erkidegoko kontu publikoek "Euskadiren beharrak jasan" ahalko dituztela. "Likidezia koltxoi ederra dugu", esan du, eta "lasaitasuna" eskatu du egoera ekonomikoaren aurrean.
Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan Itxaso Berrojalbiz EAJko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunez, Azpiazuk euskal ekonomiaren adierazle sozioekonomiko "sendoak" defendatu ditu, eta azaldu du prezioen igoera "esanguratsuagoa" izango dela urtearen lehen erdian, eta, ondoren, gorakada "motelduko da", horniduran normaltasuna berreskuratzen den heinean.
"Inflazio handia" da, sailburuaren hitzetan, "egungo egoeraren ezaugarrietako bat, prezioak azkar eta biziki igotzen ari baitira". Hala ere, Jaurlaritzak duela gutxi egindako susperraldi ekonomikoaren aurreikuspena jaitsi izana ez da soilik Ukrainako gerraren ondorio, eta aurretik dator. "Hornidurarik ezak eta Europako motor ekonomikoaren (Alemaniaren) dinamismo txikiagoak" eragin zuten zati batean, esan du.
Hala eta guztiz ere, sailburuak uste du aurtengo aurrekontuetan ekarpenak egiteko helburua "oso lorgarria" dela, "agertoki makroekonomiko berrian BPG nominalaren aurreikuspen handiari eusten baitzaio".
Azkenik, Azpiazuk EAEren egoera ekonomikoa defendatu du Espainiakoaren aurrean, "Aparteko likideziarekin eta kanpoko finantziazioa eskuratzeko ahalmena" aipatuta, rating agentziek adierazi dutenez. "Gure ekonomiak Estatuko batez bestekoa baino adierazle ekonomiko sendoagoak ditu", esan du sailburuak, eta "lasaitasuna" eskatu du berriro.
Zure interesekoa izan daiteke
ELA eta LAB, etxebizitzaren aldeko greba orokorrerako bidean
LAB etxebizitzaren inguruko greba orokorraren alde agertu da, eta beste sindikatuekin batera prestatzen ari dela esan du
Ekonomia % 2,2 haziko da Euskadin aurten eta % 1,9 datorren urtean
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako