Greba eguna dute gaur Gasteizko Mercedes lantegian
Gasteizko Mercedes-Benz lantegiko 4.700 beharginak asteazken honetan greba egitera deitu dituzte. Alde batetik, CCOOk eta UGTk deitu dute lanuztea, eta, bestetik, ELAk, LABek eta ESK-k, negoziazio kolektiboaren blokeoaren aurrean. Enpresa inguruan, 11:00etan, egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dute sindikatu guztiek.
Hitzarmena negoziatzeko aurrerapausoen faltan egingo dute gaurko lanuztea. Azken bilera iragan ostiralean egin zuten aldeek, jarrerak hurbildu barik eta negoziatzeko data berririk gabe; izan ere, lanuzteak dauden bitartean batzar berririk ez deitzeko asmoa helarazi zien zuzendaritzak sindikatuei.
Hasiera batean, CCOOk eta UGTk deitu zuten asteazken honetako lanuztea; gainera, ekainaren 29an, beste greba egun bat erregistratu dute. Bestalde, ELA, LAB eta ESK-k ekainaren 27tik uztailaren 1era greba egitea planteatu zuten langileen asanbladan. Beharginek proposamena babestu zuten, baina, aldi berean, ekainaren 22ko deialdiarekin bat egitea proposatu zuten.
Azkenik, gutxienez asteazkeneko mobilizazioetako bat sindikatu guztiek babestuko dute, 11:00etako manifestazioa, hain zuzen ere, behargin guztiak bertan elkartzeko asmoz.
Hasiera batean, CCOOk eta UGTk deitu zuten manifestazioa, baina ELA, LAB eta ESK-k bat egitea erabaki dute, ELAko iturriek azaldu dutenez, langile guztien mobilizazio irudi bat erakutsi behar zelako.
Gainerako mobilizazio ekintzetan ez da batasunik izango. ELAk, LABek eta ESK-k pikete informatiboak deitu dituzte lan txanda bakoitzean, baita elkarretaratze bat 10:30ean enpresaren ate nagusian, eta elkarretaratze eta manifestazioa 18:30ean Andre Mari Zuriko plazan ere.
ELAk azaldu duenez, beste sindikatuei arratsaldeko mobilizazioarekin bat egitea eskatu diete, baina azkenean ez dira bertan izango.
ELAko iturriek enpresari langileen ordezkariekin biltzen jarraitzea eskatu diote, nahiz eta lanuzteak izan, akordio bat bilatu nahi baldin bada, "batzartzea ezinbestekoa delako".
Bestalde, CCOOk gogorarazi duenez, 11:00etako manifestazioaz gain, 18:00etan SEA patronaleko egoitzaren aurrean deitutako elkarretaratzean parte hartzea proposatu zieten gainerako sindikatuei, baina batasuna ez da posible izan. Hala ere, Ekintzak eta PIMek CCOOren eta UGTren mobilizazioekin bat egingo dute.
Egunean zehar pikete informatiboak izango direla zehaztu du CCOOk. Negoziazioan aurrerapausorik ez, "guztiz kontrakoa baizik", ematea deitoratu du sindikatuak. "Ziurtasunak, eta ez bakarrik konpromisoak", eskatu dizkiote zuzendaritzari, 18 hilabeteren ostean, "gaiak itxi" behar direlako.
Enpresa-batzordeak 1.200 milioi euroko inbertsio egitasmo proposamenari emandako erantzuna "guztiz ulergaitza" izan dela uste du Gasteizko Mercedes Benz lantegiko zuzendaritzak. Greba egutegia, asteazken honetarako deitutakoa barne, "ulertezina eta kaltegarria" da, esan duenez.
Zure interesekoa izan daiteke
Abeltzainak haserre, Bazka Mahaia irailera atzeratu duelako Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak bazkaren beharrei buruz egindako inkestan 435 ustiategiren erantzunak jaso ditu eta horiekin hartuko ditu erosketa bateratuaren kopuruari eta hornitzaileei buruzko erabakiak. UAGAk eta ENHEk lan egiteko modu eraginkorragoak eskatu dituzte. Hala ere, guztiak ados daude, etorkizunera begira bazkari buruzko plangintza bat behar dela esatean.
Hoteletako sarrerak % 7,7 igo dira uztailean EAEn, eta gaualdiak % 6,7
Sarrera guztien % 58,8 eta gaualdien % 59,9 atzerritar jatorriko pertsonenak izan ziren, 2025eko uztailean baino % 11,1 eta % 11,7 gehiago, hurrenez hurren.
Txakolinaren mahats-bilketa aurreratu dute, beroagatik
Txakolinaren mahats-bilketa ohi baino lehenago hasiko da beroaldien ondorioz. Ekoizleen arabera, data hauek ez dira ohikoak mahats-bilketari ekiteko. Etengabe egiten dituzte analisiak mahastietan, mahatsak azukre eta garraztasun puntua noiz hartuko dituen zehatz-mehatz jakiteko, eta biltzeko une egokiena heldu da.
Bazka eroste bateratua eta lehorte deklarazioa berehala gauzatzeko eskatzen dute abeltzainek
Bi aste dira Bazka Mahaia elkartu eta erakundeek hainbat konpromiso hartu zituztela. Abeltzain asko euren kontura belarra eta lastoa erosten hasi dira, eta erakundeei neurriak berehala hartzeko deia egin diete.
Euskotreneko langileek Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jarri izana salatu dute
Arriaga plazan gaur goizean egindako elkarretaratzean, Euskotreneko langileek balio publikoekin koherentea den eta animalien ongizatea errespetatzen duen publizitatea exijitu dio enpresari.
Mingain urdin kasu bat atzeman dute Barrundiako artalde batean
Gaitzaren aurka txertatutako 200 ardi baino gehiagoko artalde bateko animaliak eman du positibo mingain urdinaren 3. serotipoan.
Eusko Jaurlaritzak Administrazio Orokorreko 461 lanpostu betetzeko EPEan izena emateko epea ireki du
Izen-emate telematikoa irailaren 16an amaituko da, eta lehen azterketak 2027ko urtarrilean egitea aurreikusi da.
Milioi bat euroko zigorra ezarri diote AVIS enpresari, trafiko isunengatik bezeroei kudeaketa gastuak kobratzeagatik
Autoak alokatzen dituen enpresak 33,88 eta 45 euro arteko errekargua aplikatzen du isunaren ordainketa kudeatzeagatik eta administrazioari arau-hauslearen nortasuna jakinarazteagatik.
51 urteko langile bat hil da Iurretan, paper-enpresa batean
Sorospen-dispositiboan parte hartu duten Ertzaintzako bi agente bertan artatu behar izan dituzte osasun-langileek, isuritako gasak arnastuta intoxikatu baitira.
Sopela eta Urduliz bizitegi-merkatuko gune tentsionatu izendatu ditu Eusko Jaurlaritzak
Bizkaiko bi udalerriek urtarrilean eta otsailean eskatu zuten izendapena, eta hiru urteko hasierako indarraldia izango du, luzatzeko aukerarekin.