KPIa hamarren bat hazi da urtarrilean, % 5,8 raino, eta azpiko inflazioa % 7,5eraino igo da
Kontsumoko Prezioen Indizearen urte arteko tasa % 5,8ra igo da urtarrilean iazko hilabete berarekin alderatuta, Espainiako Estatistika Institutuak aurreratutako datuaren arabera. Abenduan urte arteko tasa % 5,7koa izan zen.
Gauzak horrela, urte arteko tasaren azken bost hilabeteetako beheranzko joera eten egin da. Iaz, uztailean jo zuen goia inflazioak (% 10,8) eta geroztik jaitsi egin da: abuztuan hiru hamarren jaitsi zen, % 10,5era; irailean 1,6 puntu jaitsi zen, % 8,9ra arte; urrian 1,6 puntu egin zuen behera, % 7,3ra arte, azaroan puntu erdi murriztu zen, % 6,8ra arte, eta abenduan % 5,7an kokatu zen.
Azken hilabeteko bilakaera kontuan hartuta (2022ko abendutik 2023ko urtarrilera), berriz, prezioak hiru hamarren merkatu dira.
Urtarrileko datu aurreratua datorren hilaren erdialdean baieztatu beharko du Espainiako Estatistika Institutuak.
Estatistika erakundearen arabera, erregaien, jantzien eta oinetakoen garestitzeak eragin du, batez ere, urte arteko inflazioaren igoera. Aitzitik, elektrizitatearen prezioak behera egin du.
Azpiko inflazioa bost hamarren igo da % 7,5eraino
Azpiko inflazioa, energia eta elikagai freskoak kontutan hartzen ez dituena, bost hamarren igo da urtarrilean % 7,5eraino.
Zure interesekoa izan daiteke
ELA eta LAB, etxebizitzaren aldeko greba orokorrerako bidean
LAB etxebizitzaren inguruko greba orokorraren alde agertu da, eta beste sindikatuekin batera prestatzen ari dela esan du
Ekonomia % 2,2 haziko da Euskadin aurten eta % 1,9 datorren urtean
Argindarraren prezioa 200 euro/MWh-tik gorakoa izango da asteartean, 2022tik lehen aldiz
CC. OO.k eta UGTk greba orokorra deitu dute udazkenerako