Horrelakoa izango da Belateko tunel berria 95 milioi euroko inbertsioarekin
Maria Chivite Nafarroako presidenteak Belateko tunel berriaren lizitazioa iragarri du, 95 milioi euroko inbertsioarekin. Agintariak azpimarratu du tunelak bikoiztea izango dela Foru Erkidegoan azken urteotan egin den bide-lanik "garrantzitsuena eta konplexuena".
Chivitek prentsaurrekoa eman du proiektuaren xehetasunak azaltzeko, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariarekin, Bernardo Ciriza Lurralde Kohesiorako kontseilariarekin eta Pedro Lopez Herri Lan eta Azpiegituren zuzendari nagusiarekin batera.
Belateko tunel berriak 2.885 metro inguruko luzera izango du, egungo galeriaren antzekoa. Belateko tunela bikoizteko 45 hilabete beharko dituzte.
Larrialdietarako bost galeria eraikiko dira, 500 metrotik behin, egungo tunelarekin lotzeko. Galeria nagusiak larrialdietako ibilgailuak pasatzeko aukera emango du, eta beste laurak oinezkoentzat izango dira, ibilgailu arinetarako sarbidearekin.
Tunel berriaren bi erreiek 3,5 metroko zabalera izango dute, eta 3 metroko bazterbidea izango dute eskuineko aldean zirkulazioaren noranzkoan, eta metro batekoa ezkerraldean. Galtzadaren bi aldeetan 0,75 metroko bi espaloi proiektatuko dira. Galiboa, hau da, tunel horren barrutik zirkulatzen duten ibilgailuentzat baimendutako altuera, 5,5 metrokoa izango da.
Belateko tunelak bikoiztuz gero, noranzko bakarreko galeriak izango dira, zirkulazio-noranzko independentekoak, hodi bakoitzetik zirkulatzen duten ibilgailuen kopurua murrizteko.
Nafarroako Gobernua N-121-A errepidearen eraldaketari ekin dio legealdi honetan, Iruñea eta Ipar Euskal Herria Irunetik (Gipuzkoa) lotzen dituen bide horrek dituen segurtasun arazoak konpontzeko. Eraldaketak, Belate eta Almandoz bikoizteaz gain, errepidea 2+1 bide bihurtzea dakar.
2+1 azpiegitura eraikitzeko lanak 2021ean hasi ziren. Orain arte, errepidearen lehen 17 kilometroak amaitu dira, Ezkaba eta Olabe eta Lantz arteko tarteetan. Gaur egun, Oronoz-Mugairitik Sunbillarainoko obrak egiten ari dira.
Zure interesekoa izan daiteke
LABek bertan behera utzi ditu Nafarroako ikuskizunen sektoreko bi greba egunak, negoziazioari berriro ekin ondoren
Gabonetako erosketen ondorioz, abenduan ohi baino % 23 gehiago gastatzen dute familiek
Itoiztik Erriberara: 354 milioi euro Nafarroako ubidearen proiekturako
Espainiako Gobernuak soldaten sekretuarekin amaitu du
Eusko Jaurlaritzak aurrekontuen negoziazioa amaitutzat eman du, oposizioarekin akordiorik lortu gabe
Aurtengo iraila azken hamar urteetako onena izan da esportazioei dagokienez, Jaurlaritzaren arabera
Adifen arabera, grebak % 6,04ko eragina izan du Euskadin goizeko txandan, eta % 15,56koa gauekoan