ELAk aurreakordioa lortu du Gipuzkoako ostalaritzaren sektorean
ELA sindikatuak hitzarmena eguneratzeko aurreakordioa lortu du Gipuzkoako ostalaritzaren sektorean, eta soldatak KPIaren igoerara egokitzea eta lanaldi luzeak geldiaraztea arautu dute, sindikatuak ohar batean aurreratu duenez. Hitzarmen berria 2026ra arte egongo da indarrean, eta, dena ondo bidean, "ostiral honetan" sinatuko dela nabarmendu du ELAk.
Aurreakordio horren arabera, lanaldiak fitxaketa-sistema baten bidez erregistratu beharko dira aurrerantzean, eta sistema hori nahitaezkoa izango da bost pertsona edo gehiagoko enpresentzat.
Soldata igoera garrantzitsuez gain, sektorean 80 orduko lanaldi murrizketa adostu da. Sektore horretan, emakumeak dira nagusi, eta gehienek lanaldi partzialak dituzte.
Sindikatuak historikotzat jo du akordioa, "Gipuzkoako sektorean lan egiten duten 17.000 pertsonentzat oso neurri garrantzitsuak biltzen dituelako eta lanaldien luzapenari dagokionez gertatu diren gehiegikeriei mugak jarriko dizkielako".