Sindikatuek "arrakastatsutzat" jo dute irakasleen greba EHUko campus guztietan
UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileen greba "arrakastatsua" izan da, eta ikastetxe gehienetan eskola gehienak bertan behera geratu dira, greba-deitzaileek ohar bateratu batean adierazi dutenez. Hala, grebak jarraipen zabala izan duela nabarmendu dute.
ELA, LAB, CCOO eta Steilas sindikatuek deituta, greba eguna dute gaur EHUko irakasleek eta ikertzaileek, ezegonkortasuna salatzeko. Testuinguru horretan elkarretaratzeak egin dira eguerdian Bilbon, Donostian eta Gasteizen.
Antolatzaileek gogoratu dutenez, zentroak irekita egon badira ere, gehienetan "klase gehienak bertan behera geratu dira" eta "aktibitate akademikoa oso eskasa izan da".
Hala, narmandu dute EHUko aktibitate akademikoa "gutxienean" utzi duela grebak, eta EHUko irakasle-ikertzaileek "argi utzi" diotela zuzendaritzari "norabidea aldatu" behar duela, aldebakartasuna baztertu eta langileen kontrako neurriak gelditzeko.
"Bikaintasuna behin eta berriro aipatzen badute ere, Shanghai ranking-arekin liluratuta badaude ere, lan baldintza duinik ez duen plantillarekin ezin da kalitatezko unibertsitate bat garatu", esan dute.
Era berean, Eusko Jaurlaritzari esan diote "unibertsitate publikoa ahultzen" saiatzen badira, aurrean izango direla; izan ere, horien arabera, EHUrako "baliabide nahikoak" bideratu behar ditu, baita bere "langileen soldatak duindu ere".
Gainontzean,"borrokan" jarraituko dutela ohartarazi dute, eta urriaren 25ean sektore publiko osoan egingo den grebarekin "bat egiteko" deia ere egin dute.