ELAk greba deitu du Euskotrenen maiatzaren 21erako
ELA sindikatuak greba deitu du Euskotrenen hilaren 21erako, asteazkenarekin, lan-hitzarmen berria eskatzeko. Hitzarmena 2024tik dago iraungita, eta negoziazioetan ez omen da aurrerapausorik egon.
Ohar bidez jakinarazi duenez, Euskotreneko trenei, Bilboko eta Gasteizko tranbiei eta Larreinetako (Trapagaran) funikularrari eragingo dio grebak. Guztira, 1.300 langile daude lanuztera deituta. Egun horretan San Mamesko estadioan jokatuko da Europa Ligako finala.
ELAren arabera, urtebete eta erdi daramate zuzendaritzarekin hitzarmen berria negoziatzen. "Ez da aurrerapausorik izan, zuzendaritzak ez duelako hobekuntzak negoziatzeko borondaterik".
Honakoak dira sindikatuaren (lehen indarra da konpainian, 18 ordezkarirekin) aldarrikapen nagusiak: KPIaren araberako soldata igoera kategoria eta postu guztientzat, asteburuen % 50etan atseden hartzea arautzea, bajak ordezkatzea eta 50 urtetik gorakoen lanaldia murriztea.