Izen-emate epea zabalik dago Osakidetzan, mediku egoiliarrek EAEko osasun zerbitzuan lan egin dezaten
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kanpaina jarri du martxan abian prestakuntzan dauden egoiliarrak Osakidetzara erakartzeko, 'Gaztetzeko eta Fidelizatzeko Programa'ren barruan. Mediku gazteei hiru urte arteko kontratuak eta lan-baldintza "erakargarriak" eskaintzen dizkie programak.
Interesa duten profesionalek, prestakuntza uztailean zein irailean bukatuko dutenek, gaurtik aurrera eman dezakete izena Osakidetzaren aldi baterako kontratazio-zerrendetan. Deialdia espezialitate mediko guztietako, Lehen Mailako Arretako eta Ospitaleko Arretako, egoiliarrei zuzenduta dago. Osakidetzako egoiliarrak ez ezik, EAEtik kanpo trebatu direnak ere erregistratu daitezke.
Besteak beste, honako baldintzak izango dituzte programan izena ematen dutenek: hiru urte arteko lan kontratuak, 56.000 eurotik gorako urteko soldatak, eta 28 eguneko oporraldia.
Kanpaina honek espezialitate batzuetan dagoen profesional eskasia arintzeko profesionalak erakartzea du helburu, Osasun Sailak ohar bidez azaldu duenez.