LAB sindikatuak lan-gatazkak direla eta 204 prozesu abiatu ditu 2024-2025 lan-urtean; 75, greben bidez
Sindikatuak aurkeztutako ekintza sindikalaren urteko txostenaren arabera, gatazken % 61ek negoziazio kolektiboa eta zerbitzu publikoen defentsa izan dute ardatz gisa. Lurraldeei erreparatuta, prozesu gehienak Bizkaian izan dira, baina langile kopuruari dagokionez, Araban izan esku-hartze gehienak.
2024-2025 lan-urtean zehar LAB sindikatuak lan-gatazkak direla eta 204 prozesu abiatu ditu, eta horietatik 75etan greba erabili du mobilizazio-tresna gisa, astelehen honetan sindikatuak aurkeztutako ekintza sindikalaren urteko txostenaren arabera.
Gatazken % 61ek negoziazio kolektiboa eta zerbitzu publikoen defentsa izan dute ardatz gisa; % 31, ordea, patronalak edo Administrazioak eragindako eskubide murrizketek eraginda izan dira, LABek ohar bidez jakitera eman duenez.
Gatazka "potoloenak" alor publikoan izan dira. Prozesuen % 74 zerbitzu publikoen eta negoziazio kolektiboa defendatzeko aktibatu dira. Gatazka guztien % 43 sektore feminizatuetan jazo dira.
Alor industrialari dagokionez, gatazken % 55 langileak kaleratu edo lantegiak itxi nahi izan direlako abiatu dira; % 40, berriz, lan-hitzarmenaren negoziazioarekin eta lan-baldintzak hobetzearekin lotuta egon dira.
Zerbitzuen sektore pribatuan, ordea, negoziazio kolektiboa nagusitu da (gatazken % 62).
Lurraldeei erreparatuta, gatazka kopuru gehienak Bizkaian izan dira, baina langile kopuruari dagokionez, Araban gertatu dira borroka gehienak.
LABek oharrean azpimarratu duenez, lan-urte honetan zehar hainbat ekimen landu dira beste sindikatuekin, gutxieneko euskal soldata dela eta, hala nola egungo eskumenen barruko lanbidearteko akordioa eta legegintzako herri-ekimen baten bidez eskumen berriak lortzea.