Zuiako bizilagunek mila alegazio aurkeztu dituzte Solariaren proiektuen aurka
Aurkeztutako argudioen arabera, eraiki nahi diren parke fotovoltaikoak "mehatxu larria dira natura-ingurunearentzat, gizarte-ehunarentzat eta tokiko ekonomiarentzat".
Zuia Bidean elkarteak asteazken honetan erregistratu ditu, Solaria enpresak Araban eraiki nahi dituen 2, 3 eta 4 zenbakidun eguzki-parkeen eta goi tentsioko linearen proiektuak geldiarazteko eskatuz, bizilagunek sinatu dituzten lehen mila alegazioak.
Erregistratutako alegazioan ingurumen-arrazoiak eta arrazoi arautzaileak azaldu dituzte. Elkartearen arabera "Gorbeiako lurraldea eta Arabako beste lurralde batzuk suntsi ditzakeen" proiektuak dira Solariarenak.
Alegazioetan salatzen denez, "mehatxu larria” izango dira “natura-ingurunearentzat, gizarte-ehunarentzat eta tokiko ekonomiarentzat". Hala, hiru eguzki-parkeek inguruko nekazaritza arriskuan jarriko dutela argudiatu dute.
100 kilometro baino gehiagoko luzera izango duen eta Euskal Autonomia Erkidegoko 15 udalerri zeharkatuko lituzkeen goi-tentsioko lineari dagokionez, alegatuaren arabera, eragin kritikoak izango lituzke osasunean, paisaian, kultura- eta natura-ondarean eta tokiko bizi-kalitatean.