Greba Bilboko Udaltzaingoaren telefono bidezko arreta-zerbitzuan, Aste Nagusian zehar
Protesta, Bilboko udaletxearen aurrean. Irudia: ELA
ELA sindikatuak greba deitu du Bilboko Udalak Udaltzaingoaren telefono bidezko arreta-zerbitzua kudeatzeko azpikontratatutako Lanalde enpresan, abuztuaren 16tik 24ra egingo den Aste Nagusian.
Sindikatuak ohar bidez salatu duenez, Udalak eta enpresak ez dute zerbitzua osatzen duten bost profesionalen lan-baldintzak hobetzea negoziatu nahi.
Beharginek hobekuntzak eskatzen dituzte kontziliazioa eta atsedenerako eskubidea ahalbidetuko duten lan-baldintza "duinak" bermatzeko, eta, ondorioz, zerbitzu hori "festa egun horietan geldirik egongo da, telemarketinaren sektoreko prekarietatearen aurka borrokatzeko".
Gaur egun, bost pertsonaren artean ematen da zerbitzua, urteko 365 egunetan, 24 orduz, eta horrek, besteak beste, "oporrik ez izatea dakar", kritikatu du sindikatuak.
Gainera, ELAk adierazi duenez, langileek "telefonogunearen berezko eginbeharrak betetzeaz gain, Estatuko Contact Center Hitzarmenekoak baino askoz harago doazen funtzioak betetzen ditu, hala nola: Udaltzaingoari buruzko informazio ofiziala; funtzionarioen bajak eta lizentziak izapidetzea; espedienteak irekitzea eta herritarren eskaerak bideratzea".