Langabezia % 1,04 jaitsi da EAEn eta % 0,87 igo Nafarroan azaro bitartean
Gizarte Segurantzan afiliatutako pertsona kopuruak gora egin du bi erkidegoetan (%0,43 EAEn eta %0,12 Nafarroan). Estatuan 18.805 langabe gutxiago daude (-% 0,77).
EAEko langabezia tasak behera egin du azaroan: irailean baino 1.123 pertsona gutxiago izan dira (% 1,04), eta guztira 106.486 lan-eskatzaile daude.
Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak astearte honetan argitaratutako datuen arabera, iazko hilabete beraren aldean 1.408 langabe gutxiago daude, % 1,30 gutxiago.
Nafarroan, berriz, 253 langabe gehiago daude ( % 0,87) aurreko hilaren aldean, baina 971 gutxiago ( % -3,22) 2024aren aldean; guztira 29.212 langabe daude.
Estatuan, 18.805 langabe gutxiago daude (-%0,77), oro har, 2.424 961 langabe Estatu osoan; 2024ko hilabete beraren aldean, berriz, 161.957 langabe gutxiago (-%6,23).
Gizarte Segurantzako afiliazioa
Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, Euskadin 1.036.074 afiliatu erregistratu dira azaroan, aurreko hilean baino 4404 gehiago (+%0,43), Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak astearte honetan argitaratutako datuen arabera.
Bestalde, Nafarroan 382 pertsona gehiago izan dira aurreko hilaren aldean, % 0,12 gehiago, eta 4.913 pertsona gehiago 2024ko hilabete beraren aldean, % 1,57 gehiago.
Jaurlaritzaren balorazioa
Alfonso Gurpegi Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratze sailburuordeak EAEko langabeziaren jaitsierari eta Gizarte Segurantzan izandako afiliazio-errekorrari buruzko datuak baloratu ditu, esanez "euskal lan-merkatuaren sendotasuna" islatzen dutela.
Sailburuordeak azpimarratu duenez, datu on horiek agerian uzten dute Euskadik "lan-aukerak sortzen jarraitzeko duen gaitasuna, testuinguru ekonomiko zorrotz batean". "Enpleguaren egonkortasun eta kalitate maila handiagoko" lan-merkatua indartzeko, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak lanean jarraituko duela gaineratu du sailburuordeak.