Espainiako Gobernuak iragarri du 1.280 milioi euroko neurri-sorta jarriko duela martxan ibilgailu elektrikoa sustatzeko
2026an 400 milioi euroko partida onartuko da herritarrek auto elektrikoa eros dezaten zuzeneko laguntzetarako. Laguntza horiek Espainiako Gobernuak kudeatuko ditu, eta ez autonomia erkidegoek, orain arte bezala.
Espainiako Gobernuak Auto 2030 plana abian jarri du, eta Pedro Sanchezek iragarri du, asteazken honetan, neurri-sorta bat martxan jarriko duela ibilgailu elektrikoak eros daitezen sustatzeko, 1.280 milioi euro bideratuta.
Halaber, 2026an 400 miloi euroko partida onartuko du, auto elektrikoa erosteko zuzeneko laguntzak hornitzeko.
Zuzeneko dirulaguntza horiek Espainiako Gobernuak kudeatuko ditu, eta ez autonomia erkidegoek, orain arte Moves III planarekin egin izan den bezala. Sanchezek azaldu du sektoreak berak eskatu duela, eta helburua dirua herritarren poltsikoetara lehenago iristea dela.
Horrez gain, autogintza sektoreari bultzada emateko, 580 milioi euroko PERTE edo proiektu estrategikoa jarriko du martxan, industria suspertzeko eta sektorearen berrikuntza eta lehiakortasuna hobetzeko asmoz.
Azkenik, karga puntuak ugaritzeko, berriz, 300 milioi euroko laguntzak banatuko ditu Espainiako Gobernuak, Moves Corredores planaren bitartez.